CAF-Elhuyar sariak ostiralean (urtarrilak 16) banatu ziren, urtero legez, Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxean. Aurtengoa X. edizioa izan da, eta, dibulgazio-artikuluez gain, urtebete barru argia ikusiko duen liburu bat idazteko beka ere izan da jokoan.
Dibulgazio-artikuluei dagokionez, Oihana Izaguirre eta Oihane Lakar biologoen lanak jaso zuen lehen saria, Meandroetako mina izenburupean aurkeztutako artikuluarekin, hain zuzen. Dibulgazio-liburua idazteko beka aldiz, Kepa Altonaga biologoak jaso zuen Etxepare, Aldudeko medikua proiektuarengatik.
Dibulgatzaile gazteentzako sari berezia Gorka Azkunek irabazi du aurten ere, Izarren Energia artikuluarengatik. Gorkak Fisika atsegin du, eta, gai zailak erraz azaltzeko abileziari esker, dagoeneko hirutan jaso du CAF-Elhuyar sariren bat. Oraingoan, fusio nuklearrari heldu dio, gaurkotasun beteko gaia inondik ere. Izarretan gertatzen den erreakzioa kontrolpean egin eta ustiatzeko asmoak zertan diren esplikatu du, fusio nuklearraren oinarria azalduz lehenengo, ITER izeneko nazioarteko egitasmoaren azkeneko aurrerapenen berri eman arte. "Dotore idatzitako artikulua" delako jaso du saria, "erraz irakurtzen da, baina gaiari dagokion zehaztasuna galdu gabe". Saria (oroigarria eta 300 ), epaimahaiaren bozeramaileak, Pili Kaltzadak, eman zion.
Dibulgazio-liburua idazteko beka Kepa Altonaga biologo eta dibulgatzaileak jaso zuen, Etxepare, Aldudeko medikua liburu-proiektuarengatik. Epaimahaiak aho batez erabaki zuen proiektuak saria merezi zuela, "lagina eta lanaren azalpena biribila izateaz gainera, abiapuntu beretik erakargarria egiten baita proposamena".
Epaimahaiaren iritziz, lan osatu, aberats eta entretenigarria izango da Altonagarena. Saria Iñaki Peña VIII. edizioko irabazlearen eskutik jaso zuen Kepa Altonagak.
Hemeretzi artikulu izan dira lehian aurtengo CAF-Elhuyar sarietan, eta, epaimahaiak adierazitakoaren arabera, barietate handia izan da gaiei eta lantzeko moduei dagokienez. Ez omen dira batere aspertu, eta, lan guztiek erabat gogobete ez dituzten arren, azpimarratu dute oro har lanak kalitate handikoak izan direla. Bost lagun hauek osatu dute epaimahaia: Koldo Nuñez-Betelu, Geologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea; Pili Kaltzada, kazetaria eta zientzia-dibulgatzailea; Mikel Alvarez, medikua eta Basurtuko Ospitaleko zuzendari nagusia; Jesus Ugalde Kimika katedraduna eta Ikerketako Euskadi sariaren aurtengo irabazlea; eta Julián Florez, Industria Ingeniaritzan doktorea, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea eta VICOMTech ikerketa-zentroko kudeatzailea.
Bestalde, orain bi urte saritutako proiektua, Iñaki Peñaren Enpresen sorrera EAEn XXI. mende-atarian lana alegia, aurkeztu zen ekitaldian. Liburu hori, hain zuzen, egoera berri eta zailei aurre egiten saiatzen diren milaka eta milaka enpresa-sortzaileren omenaldi txiki gisa egindako ikerlana da.
Erantzun
Sartu