Sustatu logoa Teknologia albisteak

Eibarko Datac enpresaren aurkako polizia operazioa

Sustatu - Sustatu
2004-01-15 13:01

Polizia Nazionalak Datac enpresaren egoitzak miatu zituen atzo eta hamar langile inguru atxilotu. Madrileko epaile batek agindutako operazioa da. Teknologia delitua egozten zaio enpresari, ustez pirateatutako programadun ordenagailuak saltzeagatik.

Miaketak eta atxiloketak

Datac informatika enpresak dituen egoitza ezberdinetan izan ziren miaketak; Usurbil, Gasteiz eta Iruñean, esaterako. Enpresa honetako hainbat denda itxi egin zituzten, Gasteizkoa eta Donostiakoa kasu. Usurbilgo Belartza Industrialdeko bulegoetatik zenbait ordenagailu eraman zituzten, baita material informatiko ugari ere. Izan ere, Poliziaren ustetan, litekeena da material hori legez kanpoko jardueretan erabili izana.

Atxilotuak komisaldegira eraman zituzten deklarazioa hartzeko. Poliziak ez du zehaztu zenbat pertsona atxilotu dituzten. Baliteke horien artean enpresako gerentea egotea.

Orain lau urte ere, Datac enpresaren aurkako salaketa jarri zuten antzeko arrazoiengatik. Orduan, kasua justizia epaitegietara iritsi zen.

Etorkizuneko proiektua arriskuan

Datac enpresa 80 denda berri irekitzekotan da. 40 bat dendek frankizia moduan jardungo lukete: Internet-eko jokoetan berezitutako lokal-katea (cyber-ak). Baina, polizi operazio honek kolokan jarri dezake proiektu hori. Proiektu horrekin Eibarko enpresak "Cyberworld Level 21 The Radical Zone" izeneko aisialdirako lokalak zabaltzeko asmoa zuen Espainiako hiriburuetan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu