Internet erabiltzaile arrunta ez omen da, uste izan dugu bezala, teknofilo bakartia. Alderantziz: lagun ugari ditu, asko irakurtzen du, eta telebista gutxiago ikusten du. Ez duzula sinesten? Segi irakurtzen.
Orain arte beti pentsatu izan da Internet erabiltzaile arrunta dela teknofilo bakartia, eta arazoak dituela inguruko jendearekin harremanak izateko. Horregatik, orduak eta orduak igarotzen ditu sarean, besterik egiten ez omen daki eta.
Baina The World Internet Project egitasmoak azterketa bat egin du, nolakoa den Internet erabiltzailea, eta hortik atera diren emaitzek zerikusi gutxi dute orain arteko usteekin. Halaxe eman zuen jakitera atzo Reuters agentziak.
Azterketa horren arabera, Internet erabiltzaile arrunta irakurle amorratua omen da, eta askoz ere inplikatua dago gizarte bizitzan, erabiltzaile ez direnak baino. Eta telebistari dagokionez, Internet erabiltzaileek dezente gutxiago ikusten omen dute besteek baino; zenbait kasutan, astean bost ordu gutxiago.
Interneten erabilera urritzen ari da telebista-ikusleen kopurua, nahiz eta eragin eskasa duen gizarte bizitzaren arlo positiboetan, esan du Jeffey Cole proiektu honetako zuzendariak. Eta gaineratu du: Hauetako erabiltzaile gehienek uste osoa dute Interneten aurkitzen duten informazioan.
Non egin den azterketa
Azterketa hau egin da 14 herrialde hauetan: AEB, Bretainia Handia, Alemania, Hungaria, Italia, Espainia, Suedia, Japonia, Makao, Hego Korea, Singapur, Taiwan, Txina eta Txile.
Hala ere, azterketak baieztatu egin ditu beste zenbait uste. Adibidez, populazioaren mailarik aberatsenak direla erabiltzailerik amorratuenak, eta gizonezko gehiago dabiltzala sarean emakumezkoak baino. Baina zenbakiak asko aldatzen dira herritik herrira.
Italian, esate baterako, gizonezkoen %41 sarean dabiltza; emakumeak, aldiz, %21,5 baino ez dira. Taiwanen, ostera, gizonezkoak dira %25,1 eta emakumezkoak %23,5.
Hego korearrek, bestalde, dute konfiantza gehien Interneten. Eszeptikoenak, berriz, suediarrak omen dira.
Erantzun
Sartu