Sustatu logoa Teknologia albisteak

Musika deskarga "legalak" egiteko aparailua kaleratuko du Sony-k

Sustatu - Sustatu
2004-01-15 09:01

Estatu Batuetan eragin handia izan dute musika deskargen aurkako lege ekimenek. 2003ko azken hiruhilekoan erdira jaitsi omen dira kantuen deskargak. Baina, zigorren beldur direnek badute orain beste modu bat: Sony-k sareko musika "erosteko" aparailu bat kaleratuko du.

AEBetako disko industriak 2002ko ekainaren 25ean iragarri zuen egile eskubideak urratzen zituzten milaka internauten aurka joko zuela eta joan den urteko irailean hasi ziren demanda horiek aurkezten. Estatu Batuetan egindako ikerketaren arabera, irailetik hona erdira jaitsi dira saretik egindako deskargak.

Internauten beldurra, negozioa egiteko onena

Japoniako Sony konpainiaren Estatu Batuetako ordezkaritzak datorren udaberrian jarriko du salgai AEBetan musika deskargatzeko aparailua. "Connect" izeneko zerbitzu berri horren bidez internautek sareko musika erosi eta Sony markako aparailu eramangarrietara deskargatzeko aukera izango dute.

Sony-k urte txarra izan zuen iazkoa, eta orain indarberritu egin nahi du momentuko musika merkatu handienean barneratuz. Garai onean iragarri du Sony-k aparailua; Estatu Batuetako internauta gehienak epaiketen beldur diren honetan, seguru arrakasta izango duela aparatuak.

Disko bat erostea merkeagoa, agian

Sony-k aurreratu duenez, 500.000 kantu inguruz osatutako katalogo batetik deskargak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek. Deskargatutako kantu bakoitzeko 99 dolar zentabo ordaindu beharko dituzte eta disko osoa deskargatu nahi izanez gero 9,95 dolarrekoa izango da salneurria.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu