Teknologia albisteak

Erakusleihoa: sortzailentzako gune berria

Erabiltzailearen aurpegia
Amarako Kultur Etxea - Donostia Kultura
2004-01-13 : 09:01

2004ko urtarrilean Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxeak abian jarriko duen ekitaldi berria da ERAKUSLEIHOA. Esperimentazioaren inguruan mugitzen diren sortzaileek formatu txikiko espektakuluak jendaurrean ezagutzera ematea da egitasmoaren xedea.

Asmoa hilean behin Donostia Kultura barruan dagoen Ernest Lluch Kultur Etxeko Areto Nagusia horrelako proposamenei zabaltzea da. Ekitaldi guztiak 19:30etan izango dira.

Hasiera urtarrilaren 15ean izango da: UZTAIL OPARO OSTEAN taldea Harkaitz Cano idazleak eta Igor Calzada kantugileak osatzen dute, Oianko Txoperenaren laguntzaz. Espektakuluaren izena HIRISLADAK.

“Alferrik joango zara beste hirietara, hiri guztiak baitira hiri bera. Kavafisen erran zaharrak balio du gaur ere. Animo egoera bat. Ahaztu beharreko zerbait. Minari emandako asfalto zatia da HIRISLADAK. Horregatik, (New York, Paris, Donostia...) hiri ezberdinetan hartutako ehundik gora irudi erantsi dizkiete kantuei eta R-zitalari”.

Otsailaren 19an, TÜSURI arituko da. Errenteriako 15 urteko Oier Iruretagoiena da proiektu honen arduraduna. 2003ko Elektronikaldian parte hartu zuen, "Donostia Elektronikoa 2003" CD-bilduman ere bere lana ageri da. Smith & Mighty-koen kontzertua ireki zuen urriaren 30ean Gazteszenan. “Atmosfera ilunak” sortzen saiatuko dela dio berak.

Martxoaren 18an, TZESNEk “Paisajes sonoros” lana estreinatuko du. Gutural talde mitikoaren kide ohiak, Xabier Erkiziarekin batera Martiko eta Garate egitasmoa du. Er3mu4k ikuskizunean ere aritutakoa da. Poesia bisuala eskainiko digu, irudiak eta eguneroko soinuak nahastuz. Irudiak lantzeko PARALUX-en laguntza izango du.

Bukatzeko, apirilaren 22an ESQALERAk poesia emanaldia eskainiko du. Luis Zavala Luisillo poeta da. Eskailera batean igo eta hiru musikarien babesean (Álvaro, gitarra; Antxon, baxua; Pato, bateria) errezitaldi bat eskainiko dute. Lau urteko ibilbidea egin du proiektu honek, 1999ko Inuzente egunean Alde Zaharreko taberna batean hasi zenetik.

Eta horrela itxiko dugu lehenengo ziklo hau. Dena uste bezala ateraz gero, udazkenean tarte egingo diegu beste proposamen eta sortzaile batzuei….

Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero deitu 943 481919 telefonora edo idatzi.

Erantzun

Sartu