Teknologia albisteak

Arrain transgenikoak, distira emateko etxeari

Erabiltzailearen aurpegia
Aitita Makurra
2004-01-06 : 12:01

Kaliforniako estatuak debekatu egin ditu arrain fluoreszenteak, genetikoki manipulatuak izanda, arriskuan jar dezaketelako hango ekosistema. Hala ere, Texasko enpresa bat hasi da arrain hauek saltzen, maskota moduan. Baietz datorren urtean hemen ere Errege Magoek bati baino gehiagori ekarri…

Orain hamar bat urte Singapurren zientzilariak hasi ziren esperimentuak egiten zebra arrainekin: sartu zieten koral baten informazio genetikoa, distira egin zezaten ur kutsatuetan. Horrela, arrain horiek bilakatu ziren salatari bikainak ur zikinak zeuden tokietan.

Arrain fluoreszenteak

Orain, berriz, Texasko enpresa batek erosi du lizentzia, arrain horiek maskota moduan saltzeko. Glofish izena eman eta atzo bertan hasi zen saltzen, 4,2 eurotan bakoitza.

Floridan, esate baterako, poliki ari dira saltzen. Kalifornian, ostera, debekatu egin dituzte, arriskuan jar dezaketelako hango ekosistema.

Zebra arrain hauek argi gorri bat ematen dute egunaren edozein ordutan.

Arriskuak

Jakinik jende askok galdera ugari egingo dituela arrain hauen arriskuei buruz, enpresak orri berezi bat prestatu du, erantzunekin.

Enpresak dio arrain hauek ez dezaketela kalterik egin, eroriz gero edozein ibai edo itsasotan, “berez ur tropikaletan bakarrik aurkitzen baitira”. Edozein animaliak jaten baditu, berriz, ez omen dago arriskurik, dio enpresak, “arrain horien gorputzetan dagoen fluoreszentzia izadian bertan aurkitzen baita, eta ez du inolako arriskurik”.

Hala ere, enpresak behin eta berriro gogorarazten du EZ botatzeko arrainok arrain ontzitik kanpo eta EZ jateko.

Erantzun

Sartu