Sustatu logoa Teknologia albisteak

Spirit zundak bidali ditu lehen argazkiak Martetik

Dick Turpin
2004-01-05 12:01

Aurrez ikusita bezala joan zen dena: atzo goizeko 04:35ean, Spirit espazio zunda pausatu zen Gusev kraterraren gainean, Marten, bat ere arazorik gabe. Berehala, bere barneko elementuak ireki eta lanean hasi zen.

Atzo bertan, Spiritek argazki mordoa bidali zituen, eta NASAk Space.com webgunean utzi zituen ikusgai. Tartean dago panoramika bat, non ikusten baita Spirit robota Gusev kraterraren gainean. Beste bat goitik aterata dago ikuspegi zabaleko kamera batekin. Honek aukera ematen du ikusteko nola dagoen orain Spirit zunda pausatuta.

Kontuan hartuta Marte dagoela Lurretik 170,2 milioi kilometrora, handik bidalitako argazkiek behar izan dute 9 minutu eta 46 segundu hona iristen.

Bidalia luzea

Estatu Batuetako Espazio Agentziak joan den ekainaren 10ean jaurti zuen Spirit zunda Cabo Cañaveraletik. Orain, berriz, zundak hiru hilabete egingo ditu Planeta Gorrian, eta han dagoen bitartean laginak hartuko ditu, jakiteko inoiz urik izan den Marten.

Berez robot bat da Spirit, eta hiru gailu ditu, bereizi egiten dutenak: kamera bat, detektagailu bat eta rover bat, batetik bestera mugitzeko.

Kamera 1,50 metro gora dago, eta nola bi begi dituen, aterako ditu argazkiak gizakiak ikusiko lituzkeen bezala.

Argazki gehiago hemen ikus daitezke.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu