Teknologia albisteak
1

Liburutegi digitalerako bidea

Erabiltzailearen aurpegia
Teresa Agirreazaldegi - Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia
2003-12-22 : 12:12

Teresa Agirreazaldegik artikulu argigarria idatzi du iraultza digitalak izan duen eraginari buruz biblioteka, dokumentazio-zentro eta artxiboetan eta Euskal Herrian sektore horrek bizi duen egoeraz eta etorkizunari begira dituen erronkez. Artikuluaren laburpena duzue hemen.

LIBURUTEGI DIGITALERAKO BIDEA

1. Liburutegia

Liburutegia izango da, beharbada, ekipamendu kultural eta hezitzaile zaharrenetarikoa eta hedatuena. Mota askotako liburutegiak daude, ordea, eta bakoitzak bere egiteko eta helburu propioak ditu: liburutegi nazionalak, publikoak, unibertsitateetako liburutegiak, eskoletakoak, erakunde zehatzei lotutakoak eta liburutegi eta dokumentazio-zentro espezializatuak.

Liburutegiak eta dokumentazio-zerbitzuak bi zutabetan oinarritzen dira: bildumetan eta zerbitzuetan. Batetik, ondareen aberastasuna eta egokitasuna dago, eta, bestetik, erabiltzaileen beharretara egokitzeko duten gaitasuna. Biblioteketako zerbitzuaren ardatza katalogoa da, hau da, liburu bakoitzaren deskripzioa, klasifikazioa eta indexazioa jasotzen dituen fitxa-bilduma. Eginkizun horretarako arautegia finkatzea izan da, dudarik gabe, XX. mendean liburuzainen erakundeen kezka eta lorpen nagusietako bat. Deskripzioaren normalizazioa gauzatuta, katalogoen informatizazioa izan zen hurrengo pausoa. Sareek eta, dagoeneko, Internetek katalogo horiek urrutitik kontsultatzeko aukera eman dute.

2. Iraultza digitala

Hori guztia, baina, iraultza handi baten hastapena besterik ez da izan. Dagoeneko, biblioteketan, liburu, egunkari eta aldizkariez gain, txostenak, diskoak, CD-ROMak, bideoak, disketeak eta beste hainbat material daude. Aldaketa handiena, ordea, beste eginkizun baten eskutik etortzen ari da: ezagutzaren digitalizaziotik. Jadanik apurtzen ari da informazioaren eta euskarriaren arteko ezinbesteko lotura, eta horri dagokion kokapen fisiko zehatzaren ideia. Prozesu hori argi ikusten da egunkarietako dokumentazio-zerbitzuetan, non barruko informazio guztia eta kanpotik heltzen den gehiena formatu digitalean jaso, hautatu, analizatu, bildu, berrerabili eta banatu egiten den. Eta ildo beretik doaz irratietako eta telebistetako dokumentazio-zerbitzuak ere.

Liburutegi digitalen gaiak profesionalen arreta eta inplikazio handia jaso du, IFLA (International Federation of Library Associations and Institutions) elkarte ospetsuaren webguneak erakusten duen legez. Ikastaro eta kongresu askotako gaia ere izan da (azkena, Liburutegi Digitalen IV. Jardunaldietakoa . Jende xehearen interesa ere jaso du gaiak, Yahoo edota Open Directory Project Interneteko direktorio ospetsuetan begiratu besterik ez dago Digital Libraries atalean dauden baliabideen kopurua eta azpikategoriak.

Asko dira, inongo egitura fisikorik gabe, dokumentu digitalen bildumak osatzen dituzten liburutegi berriak. Bestalde, betiko liburutegiek beren ondare historikoak digitalizatu eta sarean jartzen dituzte, haiek kontserbatzeko eta zabaltzeko modu egokia baita. Copyright gabeko literatur lan ezagunak ere sartu dira digitalizazioaren prozesuan, eta, gaur egun, oso bilduma ederrak daude eskura Interneten (adibidez, Gallica ; Athena ; Biblioteca virtual Miguel de Cervantes ; eta Internet Public Library: Books ).

Proiektu handi askoren atzean, liburutegi nazionalak eta unibertsitateak daude. Goi mailako hezkuntzan, digitalizazioa aldizkari zientifikoak kontsultatzeko modutik hasi zen. Enpresa editore eta banatzaile handien eskutik, aldizkari zientifikoak eta hainbat datu-base unibertsitateko Intranet edota Internet sareetan kontsultatzeko moduan dira jadanik. Hala ere, harpidetza horien gehiegizko kostuak eztabaida berpiztu du, eta foroetan dei egiten dute ikerkuntzako emaitzak sarrera irekia (open access) duten baliabideen bidez zabal daitezela.

Ikusten denez, Internet batik bat edukiak da, eta liburuzainak eta dokumentalistak, beste profesionalekin batera, edukien industria horren kudeatzaileak. Testuinguru horretan, liburutegia, gero eta gehiago, modelo hibrido bat izango da. Katalogo informatizatua izango du ardatz, katalogo kolektiboetan integratuko dena, eta, Z39.50 moduko protokoloaren bitartez, hormarik gabeko liburutegi batera eramango gaitu. Katalogo horrek erreferentzia eta testu osoko hainbat dokumentutarako sarbidea eskainiko du, ondare propioetarako sarbidea barne. Liburuzainaren betebeharra baliabide horien antolamendua, katalogazioa eta mundu fisiko eta birtualerako sarrera eskaintzea izango da.

3. Eta Euskal Herrian zer?

Egia esaten badugu, arlo honetan atzerapen handia daukagu. Biblioteka arloan ez dago politikarik, eta sakabanaketa, planifikaziorik eza, heziketarako zailtasunak eta baliabide gutxi dira egoeraren ezaugarri nagusiak.

Lehenik eta behin, katalogo kolektibo baten premia dugu, kalitatezkoa eta elebiduna; Euskal Herriko liburutegien ondareak jasoko dituena eta gure hizkuntza ofizialetan egongo dena. Eleaniztasunaren auzian, Azkue, Habe, Koldo Mitxelena edota Mondragon Unibertsitateko liburutegien esperientziak aprobetxatu behar ditugu, eta baita nazioarteko beste herrialde batzuetako liburutegiena ere bai; adibidez, Belgikako Bibliothèque Royalerena .

Euskal Herriko bibliografia nazionala osatzea da beste premietako bat, hau da, Euskal Herriko sorkuntza eta herri honen inguruan argitaratzen dena jasoko duen bibliografia. Alde horretatik, lege-gordailuaren erregistroa ez da nahikoa, eta, Joan Mari Torrealdaik eta Jon Bilbaok landutako bideak jorratu behar dira. Ikerkuntzarako oinarriak eta horren emaitzak bildu eta zabaldu behar dira, dudarik gabe.

Euskal Herriko ikuspegitik osatutako bilduma hemerografikoak behar ditugu, eta horien ustiapena eta kontserbazioa ziurtatzeko proiektuak (besteak beste, Herria aldizkariak pairatu berri duen moduko galerak saihesteko). Liburutegietako ondareak digitalizatzeko politikak premiazkoak dira, ondare historikoen kontserbazioa eta zabalkundea bermatzeko. Eta ez hori bakarrik, gaur egun, Internet dugu hedabide nagusia, eta informazio asko bide horretatik soilik hedatzen da; horrenbestez, berandu baino lehen, artxibistikaren ikuspegiak erabili beharko dira informazio hori guztia behar den moduan gordetzeko.

Bestalde, bada garaia herriko liburutegiak kultura, hezkuntza eta aisialdirako lehen mailako egituratzat hartzeko. Eskatu behar zaie zerbitzu elebiduna, herriko bilduma aberatsa eta konpromisoa izatea gizarteko sektore guztiekin. Eta hori bermatzeko, baliabide ekonomikoak, teknikoak eta langileen trebakuntza eskaini behar zaizkie.

Hori guztia ezinezkoa da biblioteka eta erakunde bakoitza bere aldetik joaten bada, orain arte egin den bezala. Ezinbestekoa da biblioteken arteko sare sendo bat (edo batzuk) eta beren gainetik bide estrategikoak, politikoak eta teknikoak markatuko duen erakunde autonomo eta indartsu bat, nahikoa baliabide eta gizarte onarpena izango duena. Batzuek azken horri Biblioteka Nazionala deitzen diogu.

Badago beste faktore bat gaur egungo egoera amai dadin ezinbestekoa dena: hezkuntzarena. Euskal Herrian, bibliotekonomia, dokumentazio eta artxibistika alorretan ez dago unibertsitateko ikasketarik. Unibertsitateko ikasketek sortzen dituzten sinergiak eta ikerketak behar-beharrezkoak ditugu gaur egun teknologia berriek eskatzen dituzten profesionalen trebakuntza handia eta jarraitua bermatzeko. Horren garrantziaz jabetzeko, Kataluniara begiratzea besterik ez dago.

Artikulu osoa irakurri nahi izan ezkero, berriz, Euskonews-en . Teresa Agirreazaldegi Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea eta EHU-UPVko irakaslea da.

Teresa Agirreazaldegi
Joana-Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea eta EHUko irakaslea

Erantzunak

Hasier Etxeberria
2003-12-22 : 13:34

Bai, nago Administrazioak ez daukala adorerik zezenari adarretatik heltzeko. Ez Liburutegi Nazionalaren auzian (Euskal Herriko Liburutegia izenaz maiteago dutena), ez eta liburugintzaren laguntzarako darabilten sistemari dagokionean ere. Esan nahi dut, begibistakoa dela, gaur gaurkoz, Administrazioaren orain arteko borondate oneko jarrerak, ez duela emaitza onik ematen edo, ez behintzat, behar lukeen bestekorik. Eta areago, kaltea ere eragiten duela.

Liburutegien arloan, behin eta berriz esan izan da, sistema berak eragiten duela bordela: leku ezberdinetan jende asko lan berdinak egiten...

Liburugintzaren arloan ere, erosketa bidezko laguntza bakarra dela eta, editore-bandido ugariren agerketa ari da gertatzen...

Administrazioak badaki hori, ederki jakin ere. Behin eta berriz esan izan baitzaio. Hala ere ez du adorerik erakutsi, orain arte bederen, sistema bera itotzen ari den liburuaren laguntzarako plana bertan behera gerarazteko. Besterik ezean, ausardiarik ezean, jarraitu egiten du ageriko perbertsioak bultzatzen. Erabaki sendoak hartu ordez, han-hemenka apurrak nola-hala banatzea aski bailitzan.

Salomonen bideak ez dira beti izaten onenak. Batzuetan EZ esaten jakin behar da, hautsak harrotu arren bazterretan. Esate baterako, zein zentzu dauka merkatua itotzen dituzten liburu kaskarrak laguntzeak? Halaber, zein zentzu dauka berez salduko diren liburuak ere laguntzeak?

Eta abar, eta abar.

Kontua ez da liburu politikarik ez dagoela. Kontua beste bat da: dagoen liburu politika kaltegarri gertatzen ari da. Besterik ezean, dagoena bertan behera geratu, behintzat. Kalterik eragiten segi ez dezan.

Adorerik eta erabakitzeko gaitasunik inon bada, prefosta.

Erantzun

Sartu