Teknologia albisteak
1

Etorkizuneko ordainketa sistema posiblea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-12-23 : 10:12

Floridako enpresa batek larruazal azpian jarritako txip batzuen irakurketa bitartez funtzionatuko lukeen ordainketa sistema garatzeko egitasmoa duela azaldu berri du. Irratifrekuentzia-bidezko komunikazio-sisteman oinarrituko litzateke.

Larruazalpeko mikrotxipa

Applied Digital Solutions enpresa estatubatuarrak ordainketa modu tradizionalak gainditu nahi ditu, hala nola, eskudiruzko ordainketa edota kreditu txartela bidezko ordainketa.

Horretarako, bitarteko iraultzaile bat erabiltzeko asmoa egituratu du enpresak: larruazal azpian ezarritako mikrotxip bateko (larruazalpekoa) datuak modu berezi batean irakurriko lirateke. Mikrotxipak informazio pertsonala eta kreditu txartelek duten informazioa batuko ditu.

Larruazalpeko mikrotxip bidezko sistema honek VeriChip dauka izena. Hasera batean, ordainketa sistema berri baten oinarri bada ere, edozein motatako informazioa garraiatu dezake; esaterako, erabiltzailearen historial medikoa ere bildu dezake.

Irrati uhinak

Proiektuaren webgunean informazio ugari biltzen da. Larruazalaren azpian kokatuta dagoen mikrotxipa "lo" egongo da irakurleak "esnatzen" duen arte. Irakurleak irrati uhin bidez funtzionatzen du, frekuentzia oso baxuan. Irrati uhin horien aurrean erreakzionatzen du mikrotxipak (irratifrekuentzia-bidezko identifikazioa).

Dagoeneko salgai

Applied Digital Solutions enpresak jarri du dagoeneko salgai bere produktua. VeriChip-ak 200 dolare balio ditu eta arroz ale baten tamaina dauka.

Mikrotxipa bere gorputzean ezarri nahi duenak, 200 dolareez gain, mediku asistentzia eta datu basearen mantenimendua (10 dolare) ordaindu beharko ditu. Lehenenengo 10.000 bezeroek 50 dolaretako deskontua izango dute.

Legedia berezirik gabe

Irrati uhin bidezko mikrotxip honen inguruan, ez dago oraindik inolako legedia bereziturik. Bere aplikazioa eremu ugaritara hedatu daiteke: pertsonak, autoak, zapatak, bankuko bileteak... Gainera, Kontsumitzaileen Elkarteek prozesu berri honetan parte hartu gabe segitzen dute.

Azken horren haritik, eskubide zibilen defendatzaileek beren deskonfidantza azaldu dute. Mikrotxiparen erabilerak ekar litzakeen eskudibe urraketek kezkatzen dituzte. Kontsumitzaileen pribatutasuna kolokan egon daiteke.

Beraz, polemika eta eztabaida zerbitzatuta dago. Esaterako, zer gertatu litzateke enpresa batean lana egiteko larruazalpeko txipa ezinbesteko baldintza balitz?

Erantzunak

Axis
2003-12-23 : 12:22

Ondo egongo litzake Kriptopolis.com webgunean honi buruz dauden iritzi eta artikuloei bistazo bat ematea.

Erantzun

Sartu