Teknologia albisteak

Fillos.org: galiziar diasporaren sareko topagune

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-12-19 : 10:12

Garai batean beren etxe eta sorterritik joan behar izan zuten galiziarrek Internet erabiltzen dute beraien artean harremana izateko: hitz egiteko, eskarmentuak eta oroitzapenak konpartitzeko… Fillos webgunea dute guztiek elkar puntua. Guraso galiziarrak dituen Manuel Casal Lodeiro barakaldoarra da webgune honen sortzaile.

Sustatzailea Barakaldokoa

Manuel Casal-ek ez zuen norekin konpartitu bere gurasoen kultura eta hizkuntza. 1997 urtean, Internet ezagutu zuenean, Fillos webgunea sortu zuen. 33 urte ditu eta egun erdiko lanean Fillos sarea gestionatzen du. Ordutik, sei urte igaro dira eta emigrazioan jaiotako pertsonek elikatzen dute. Argentinan bakarrik, 5 milioi pertsonek dituzte arbaso galiziarrak; beraz, ezin jakin mundu osoan sakabanatuta daudenak zenbat diren.

Galiziako Fillos asoziazio honek galiziar diasporako seme-alaba eta ilobak kontaktuan jartzen ditu beren senideekin Internet bitartez. Mila pertsona baino gehiagok eman dute izena Fillos-eko datu basean beraien familiak aurkitzeko esperantzaz. Orain artean, 20 familia inguru elkartu dira berriz ere.

Etorkinei doako zerbitzua

Fillos-en barnean dagoen O Atopadoiro elkartean, esaterako, doako zerbitzua ematen diete etorkinei. Bertan, 2.000 eskari baino gehiago dituzte. Batzuek, beren abizenaren jatorria jakin nahi dute. Besteek, ia beren herriak oraindik existitzen duten. Gehiengo bat, Galiziara bueltatzeko eta nazionalitate bikoitza lortzeko informazio bila dabil. Bolondres talde bat aritzen da informazioa batzen: herrixkak, udaletxeak, erregistro zibilak edota parrokialak bisitatzen dituzte. Bestalde, aholkularitza juridikoak lege kontuak lantzen ditu.

Finantziazio arazoak

Fillos.org-ek 41 sozio ditu eta ezin diote eskaera kopuruari aurre egin. Egoerari aurre egiten ez bazaio, itxi egin beharko dute webgunea, finantziazio falta larria baitute. Horretarako, sozio berrien bila dabiltza. Espero dute, instituzioek Xuntak ematen dituen 300 euroak baino gehiago ematea. Sei urteko ibilbidea egin du dagoeneko Fillos-ek eta hilean 20.000 bisita baino gehiago jasotzen ditu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago