Sustatuzalearen opari zerrenda
2003-12-17 12:12
Zer da Sustatuzale batek behar duena aurtengo Gabonetarako? Bakea eta askatasuna, bale. Baina hori baino gehiago NAHI dugu eta MEREZI dugu: OPARIAK nahi ditugu. Sustatuko irakurlearen profil tekno-soziologikoa kontuan hartuta, horra ideia batzuk.
Erlojuetan aukera handia dago:
- Aurtengo moda erloju binarioak dira, bai eskumuturrerako (Matrix modeloa) edo mahaigainerako (ideala etxean zorotzat har zaitzaten). Diotenez, minutu batzuetako kontua da ikastea ordu binarioa irakurtzen...
- Sustaturen bidez ezagutu ondoren, Pendrive edo memoria eramangarriaren inbidiatan geratu bazinen, horra USB konexioarekin eta memoriarekin hornitutako modelo praktikoa
- Internet Time edo sareko ordua ematen duen erlojuak ere badaude, Swatch etxearenak. Internet Time delako honen inguruan ere Sustaturen bidez jakin dute gure irakurleek aurten...
Arropa. Mudak oparitzea da izeba guztien errekurtsoa. Baina Sustatuzalea izanda, Abanderado baino gehiago merezi duzu:
- Kamisetetan, hor duzu DVD-en dekodeketa algoritmoa harro erakusteko moduan. Ez bazara programatzailea, kafeinaren formula kimikoa ez dago gaizki Sustatuzale arruntarentzat. Baina dudarik gabe, aurtengo kamiseta cool eta geek-ena, euskal kultur webgune onenarena ( Dantzan.com Buber sariduna) da. Horra, gorri edo beltzean, ze txuloak diren.
- Linux korbatak, pinguinoz beteta.
- Hacker txapelak. Helizeak aukerakoak dira, kendu eta jartzekoak.
Beste fetitxe teknologiko batzuk, pertsonalitatearen arabera pertsonalizatuak:
- Gaueko ordubietan jaiki eta Sustatura konektatu beharra sentitzen dutenentzat, teklatu argiduna. Eneko, hau zuretzako modukoa da.
- Maite diseinatzaileari, ordea, honakoa ekarri diote, telefono klasikoa, baina bira eman gabe dabilena. Berari ideala iruditu zaio. Izan zaitez chic, atzamarra nekatu barik.
- Musikazalearentzat (Iban daukat gogoan), binilo imitazioa egiten duten CD birjinak.
- Ume txikiak ditugunontzat, Lourdesko amaren ordez, ordenagailutxo bat, mesanotxetik gure haurtxoen ametsak zain ditzan.
Oso aberatsentzat:
- Geek kruzeroak: Photoshop-aren maniatikoa zara? topa itzazu zu bezalakoak Karibean zehar kruzero eder batean datorren otsailean!
- Kruzeroan animatu eta Karibera bazoaz, ez ahaztu hondartza garbi haietan erabiltzeko Debian frisbiak eroatea. Hamar dolar dira, baina bi Debian proiektuarentzat zuzenean.
Beste ideiarik bai? Zein gadget edo kapritxo nahi duzue zuek?
Erantzunak kargatzen...