Sustatu logoa Teknologia albisteak

Saddam Hussein harrapatu dute

Sustatu
2003-12-14 20:12

Amerikarrek zortzi hilabete behar izan dituzte, Bagdaden sartu zirenetik, Saddam Hussein atxilotzeko. Tikriten aurkitu dute, Saddamen jaioterrian, zulo batean ezkutaturik, adobez egindako baserri baten barruan.

Bizar luzea zuen, eta nekatu itxura, BBC, CNN eta Time albistariek agertu dutenez. Hedabide hauek esan dute Saddamek pistola bat zeukala atxilotu zutenean, baina ez zuela erabili. Berez, operazio osoa egin omen da “tiro bat bera ere jaurti barik”.

AEBetako Armadak esan du atzo goizean salaketa bat jaso zutela, Saddam inguru jakin batean zegoela, Act Daur herrian, Tikriten hegoaldean. Berehala, operazio berezi bat hasi zen, eta 600 soldaduk hartu omen zuten parte, ekipamendurik modernoena erabilita.

Lur azpian, ia bi metro

Arratsaldeko 18:00etan tropa bereziak kokatu, eta hasi ziren inguruak orrazten, baina ezer ez. Ondoren, bi kilometro koadro hesitu eta hura ere orrazteari ekin. Horrela iritsi ziren baserri batera, adobez egina, eta bi gela zituena. Hura inguratu, sartu eta miatzen hasi poliki-poliki. Halako batean, lurrez eta adreiluz egindako pilo bat alboratu eta zulo bat, ia bi metro sakon. Hantxe, azpian, zetzan Saddam Hussein (ikusi beheko irudia).

Saddamek ile luzea zuen, eta bizar sarria. Agintari militarrek esan dute jarrera ona erakutsi duela miaketa medikua egin diotenean. Hori guztia egin bitartean, amerikarrek irudiak eta argazkiak egin dizkiote presoari, bai bizarra zuela, eta baita ondoren bizarrik gabe. Ondoren, baina, toki ezezagun batera eraman dute.

Oraingoz, hauxe da Irakeko gerraren azken aurreko kapitulua. Aurretik ere, zeresan franko eman du Sustatun*& bertan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu