Berria-k Joan B. Cendros 17. Kazetaritza saria irabazi du, Kataluniako hauteskundeei buruz irakurleei eskainitako informazioagatik. Saria 2.500 eurokoa da. Saria gaur gauean jasoko du Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak Granollersen (Bartzelona) egingo den ekitaldian.
Aurtengo finalisten artean The New York Times AEBetako egunkariak abuztuan Ferran Adria sukaldariaren lanari eta Kataluniari buruz idatzitako artikulu bat zegoen.
Letra Katalanen Festan guztira hamabi sari banatuko dituzte, haien artean Sant Jordi 44. Nobela saria, Carles Riba 45. Poesia saria, eta Omnium Cultural 24. Irrati eta Telebista sariak. Ospakizunean Herrialde Katalanetako gizarte, kultura eta politikako ordezkari nagusiak izango dira. Orotara 1.200 gonbidatu bilduko dira Granollersko afari ekitaldian, Letra Katalanen Gaua deitzen den horretan. Omnium Cultural 1961ean sortu zen, eta Herrialde Katalanetako hizkuntza eta kulturaren aldeko erakunde ospetsuenetakoa da.
«Herrialde Katalanetako errealitatea kanpoan islatu duen lanari» eman zaio. Aurtengo lehian, «Katalunian egin berri diren hauteskundeei buruz hedatutako informazioa» saritu dute. «Kataluniaren proiekzioa kanpoan islatzen duen lana saritzen dugu; aurten Berria-k idatzitako kronika, elkarrizketa eta iritzi sorta nabarmendu dugu osotasunean», adierazi du Joan B. Cendros sariko epaimahaiak. Epaimahaiak aho batez hartu du azken erabakia: «Aurtengo sarian, finalista izandakoen artean The New York Times egunkariaren artikulu bat ere bazegoen, abuztuan argitaratu eta sona handia lortu zuena. Lan horretan Ferran Adria eta Kataluniako sukaldaritzaz hitz egiten zen, baita Euskal Herrikoaz ere. Orokorrean Espainiaren barruan kokatzen gintuen, baina erreferentzia espezifikoetan Euskal Herria eta batez ere Katalunia aipatzen zuten. Kultura katalanaren errealitatea hedatzen zuen, eta oihartzun handia izan zuen. Hala ere, ez zen zalantzarik izan Berria-k Kataluniako hauteskundeei buruz hedatutako informazioa saritzeko».
Nik ez dakit beste egunkariek nola tratatuko zuten Kataluniako hauteskundeena, baina BERRIAko Jose Mari Pastor kazetariak oso-oso lan ona egin zuen, duda barik. Elkarrizketak, erreportaiak, iritzi artikuluak, informazioa ondo eta zabal emandakoa, bisuala... Zorionak, eta segi horrela.