Teknologia albisteak

eDonostia.net: urtebete teknologia berriak hiritarrengana hurbiltzen

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-12-12 : 12:12

Hilaren 11an urtebete egin zuen eDonostia.net Teknologi Berrien Zentroak. Teknologia berriak hiritarrei hurbiltzeko ireki zuten eDonostia.net, Larratxo pasealekuan dagoen Altzako Kultur etxean.

Irutxulo astekariaren azken alean erreportaje sakona argitaratu dute eDonostia.net zentroaren gainean.

Erabiltzaile gehienak Altzakoak

Lehen hilabetean 100 erabiltzailek eman zuten izena eta egun 1.700 erabiltzaile inguru dituzte eDonostia.net zentroan. Erabiltzaileen %80 Altzakoa den arren, ekimena donostiar guztiei zabalik dagoela azpimarratu du Ainhoa Aldasoro zentroko arduradunak.

Ikastaroak eta aholkularitza

Teknologia berrietara hurbildu eta erabileran trebatzeko hainbat tailer eta ikastaro antolatzen dituzte. Oinarrizko ikastaroak zentroko arduradunek beraiek ematen dituzte; gai berezituetarako, berriz, akademietako irakasleekin akordioak egiten dituzte.

Horrez gain, telefono bidezko aholkularitza ere eskaintzen dute. Ikastaroetan ikasitakoarekin arazoren bat edukiz gero etxean, aholkularitza telefonora deitu eta bertako adituak laguntzen saiatzen dira.

Erakusketak Gabonetan

Urtea amaitzeko bi erakusketa antolatu dituzte. Abenduaren 22tik 28ra haurrek egindako ipuin digitalak egongo dira ikusgai; abenduaren 29tik urtarrilaren 31ra, berriz, digitalizatutako Altzako argazkien erakusketa egongo da.

Euskara hobetu beharra

Irutxulo astekarian irakurri dugunez, hobetu beharreko kontu bat badute e-Donostia.net-en: euskararen erabilera. Izan ere, www.edonostia.net webgunearen euskarazko bertsioan eta esku orrian ortografia, lexiko eta gramatika akatsak daude.

Erantzun

Sartu