Teknologia albisteak
1

Eroski Taldea Fundazioak 700 errezeta batzen dituen Multimedia gida landu du

Erabiltzailearen aurpegia
Iker Merchán - Eroski Taldea Fundazioa
2003-12-17 : 10:12

Eroski Taldea Fundazioak lehenbiziko CONSUMER Multimedia Gida (700 errezeta eta urtebeterako menu osasungarriak) argitaratu du bi bertsiotan: bata oso-osorik euskaraz eta bestea oso-osorik gaztelaniaz. CONSUMER Multimedia Gida, lan praktiko, soil eta atsegin bat da, kontsumitzaileei buruhauste handirik gabe egunero modu atsegin eta osasungarrian elikatzeko aukera ematen diena, ondotxo baitakigu, jakin, denbora libre gutxi eta pazientziarik apenas daukagula.

Urte osorako

Kontsumitzaileak gidako aginduei egunero-egunero jarraitzeko moduan prestatuta daude menuak, eta, horrela, urte osoan zehar dieta osasungarri eta orekatua —gure desira eta beharrei erantzuten diena— lortzeko aukera izango du.

Nutrizioan adituak direnak behin eta berriz ari dira esan eta esan gizarte garatuetan koipe, haragi, opil eta janari laster gehiegi kontsumitzen dela, eta, aldiz, aukeran gutxiegi jaten direla karbono-hidratoak, bitaminak, zuntzak, barazkiak, zerealak eta frutak.

Hala ere, ordea, gure herritarren % 60k dio "asko saiatzen dela dieta orekatu eta askotarikoa egiten", eta % 33k bakarrik aitortzen du elikadura osasungarriari ez diola garrantzi handirik ematen bere eguneroko bizitzan, Eroski Taldea Fundazioak 5.000 inkestetan oinarrituz egin duen Kontsumo Barometroaren arabera.

700 errezeta

Guztira 700 errezeta dakartza gidak, zailtasunaren, prezioaren, urte-sasoiaren edo osagai nagusiaren arabera ordenatuta:

  • Urte oso bateko menuak (gosariak, bazkariak, askariak eta afariak).
  • Elikadura-segurtasuneko aholku infografikoak.
  • Sukaldaritzako trukuak.
  • Galdesorta pertsonalak.
  • Kalkulagailuak.
  • Urte-sasoiko janariei buruzko informazioa.

Oro har, oso eduki desberdinak jasotzen ditu: testuak, errezetak, menuak, infografikoak, argazkiak, etab. Erabiltzen erraz-errazak, edozein erabiltzailek Multimedia Gidari ahalik eta etekinik handiena atera ahal izateko laguntza erabateko eta grafikoarekin.

CONSUMER Multimedia Gida dagoeneko salgai dago; Publikoarentzako salmenta-prezioa 9,95 eurokoa da:

  • Eroski Hipermerkatuetan.
  • Aldez aurretik 946 21 14 87 telefonora deituz edo revistaconsumer@eroski.es helbidean mezu elektroniko bat utziz, jasotzean ordaindu daiteke.

Nutrizioan adituak

Multimedia Gida honen edukiak, nutrizioan adituak eta CONSUMER aldizkariko ohiko kolaboratzaileak diren Gema Zudaire eta Maite Yoldi nafarren eta Peio Garcia sukaldari bizkaitarraren lana dira (azken hau ere Consumer.es egunkari elektronikoko kolaboratzailea da).

Erantzunak

Goio Telletxea
2003-12-17 : 20:50

Ziur ongi egituratutako lana dela hau, lanen bilketa bat egin eta formatu digital batetan eskaintzea egokia da oso,...esan beharra dago, Consumer.es eta IdeaSana.com webguneak, bere boletinak eta eduki anitz zein eguneratuak harrituta uzten nautela ni neu behintzat...harpidetzen den edonork badaki honen berri. Paperezko bertsioan egindako lana ere ez da makala...ez dakit zenbat jende dagoen lan hauen atzean baina benetan serio hartzen dutela edukinen tratamentu eta eguneraketa...

Erantzun

Sartu