Teknologia albisteak
2

Arrasate Press: lau mosketariak berriz elkartu dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-12-04 : 11:12

Hamabi bat urte izango ziren azken aldiz laurak elkartu zirenetik. Abenduaren 2an, baina, berriro batu ziren Angiozarko jatetxe batean, ospatzeko Arrasate Pressek 15 urte betetzen zituela.

Taberna Zaharren geratu ziren, iluntzeko 20:30ean. Lehendabizi Joxe Aranzabal iritsi zen, San Migel elizako kanpaiak ordu erdia jotzearekin batera. Hotz egiten zuen: 5,5º C, eta Joxek txanoa jantzi zuen. Hiru bat minutu geroago, Jose Felix Diaz de Tuestak eta Jose Mari Erañak egin zuten ailegatzea, biak elkarrekin. Iñaki Mendiguren, berriz, bost bat minutu geroago iritsi zen. Hantxe zeuden, de incógnito, Arrasate Presseko sortzaileak.

Esan zutenez, hamabi bat urte izango ziren azken aldiz elkartu zirenetik mahai baten bueltan. Abenduaren 2a aukeratu zuten berriro ere bat egiteko, egun hartan bete zirelako 15 urte Arrasate Press sortu zutenetik.

Aldarte onean

Laurak irribarretsu eta umore oneko agertu ziren. Ilea orain hamabost urte baino urdinago, eta gerri buelta apur bat nasaiago, ez asko. Aldatuen Joxe zegoen: bigote barik eta, hau bai, sendoago. “Orain askoz hobeto hago —esaten zion Jose Mari Erañak, besteen onespenarekin—, lehen hengoen argalegi”. Eta hasieran Joxeri tokatu zitzaion kontatzea bere gaisotasunaren azken gorabeherak.

Ardoa iritsi zenean —Rodas II, tabernako ugazabak gomendatuta—, topa egin zuten: “osasuna eta bakea, eta ea hamabost urte barru berriro elkartzen garen”. Denetik hitz egin zuten, platerak ekarri eta eraman bitartean: Arrasate Pressen eraginaz, Elorrioko udako jaialdiez, Arrasateko kultura giroaz, Egunkariaz, itzulpengintzaz, eta, nola ez, Euskal Herriaren egoerari buruz.

Bakoitzak kontatu zuen zertan ari zen une honetan: Iñaki Mendiguren Harry Potter-en azken liburukotea euskaratzen; Jose Felix argazki liburu bat prestatzen Oñatiren gainean; Joxe linfoma mendean hartu guran; eta Jose Mari Arrasateko Udaleko pertsonal kontuak gobernatzen.

Hurrengoa, su etena datorrenean

Afaria bukatutakoan, hotz egiten zuen Angiozarko plazan. Bat batean, konturatu ziren auto batek traba egiten ziola Iñakiren autoari. Hik bultza gogor hortikan, da bultza nik hemendikan…, horrela ibili ziren, harik eta gazte bat otzan-otzan agertu eta bere autoa trabatik kendu zuen arte.

Agur esateko ordua iritsi zenean, baten batek galdetu ea hurrengo afaria noiz. Orduan, Jose Mari Erañak erantzun: “hurrengoa, su etena datorrenean”. “Bale!”, beste hirurek.

Gaueko hamabietan, isiltasuna egin zen Angiozarko plazan.

(Lau mosketarien argazkia, .jpg eran.)

Erantzunak

Alber
2003-12-05 : 00:37



Uste dut hurrengo afaria laster egin beharko duzuela, su-etena hurbil dagoela iruditzen zait eta. Horren aldeko ekimenak martxan daude eta asko dira hori nahi dutenak.



Egia bada neure kontu afariko ardoa.



Itxaropena ez galdu eta bat egin ekimenarekin.



ONDO IZAN BITARTEAN

r. xalba garez
2003-12-05 : 16:06

...züre peredikha

hala bedi

betor bakhia

emak, beraz hartzak

Erantzun

Sartu