Teknologia albisteak

Bai Euskarari Ziurtagiria 628 gizarte eragilek daukate

Erabiltzailearen aurpegia
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua - Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
2003-12-03 : 09:12

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradunak, Roberto Gutierrezek, prentsa aurrean eginiko agerraldian une honetan 628 gizarte eragilek Bai Euskarari Ziurtagiria dutela azaldu dute.

Xabier Mendigurenen azaldu duenez, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2000. urtean Bai Euskarari Ziurtagiria estreinakoz banatu zuen. Hiru urte pasatu ondoren, “esan dezakegu bide onetik goazela, hizkuntz normalizazioaren aldeko neurri eraginkorrak abian jartzen ari diren eragileak gero eta gehiago baitira.” Hala ere, Xabier Mendigurenek azpimarratu du “instituzioen, gizarte arlo guztietako eragileen, euskararen gizarte erakundeen eta norbanakoen konpromisoak beharrezkoak direla euskararen egoera hobetu nahi izanez gero.” Horrela, hurrengo hileotan Kontseiluak euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoak eta neurri eraginkorrak areagotzeko bere esfortzuak biderkatuko dituela iragarri da.

Kontseiluaren arduradunekin batera enpresetan euskara normalizatzeko aholkularitza lana egiten duten Ahize (AEK), Artez, Elhuyar eta Emun erakundeak azaldu dira.

  • Elhuyar Aholkularitzako Koordinadorak, Agurtzane Loidik lan-munduak ere euskara behar duela azaltzeko arrazoi hauek eman ditu: eakundea bezeroaren gogobetetzearen bila joate horretan, hurbiltasuna lortzen laguntzen duelako; pertsonen garapena lortzen laguntzen duelako; erakundea kokatuta dagoen gizartean hobeto txertatu ahal izateko; enpresa lehiakorraren irudia indartzen laguntzen duelako; aldaketetarako gaitasuna garatzen laguntzen duelako; kanpoko merkatuetan kalitatearen ikur gisa erabil daitekeelako. Beste aldetik, kalitate-sistemekin gertatu zen bezala, garrantzitsua da efektu biderkatzailea bizkortzea eta enpresa txiki eta ertainetara zabaltzea. Bai Euskarari Ziurtagiriak dagokion prestigioa lortuko balu (adibidez, ISO ziurtapenek dutenaren antzekoa), askoz errazagoa izango litzateke beste ehunka erakunde erronka eder honi eusteko prest agertzea. Euskara bultzatzeko KONPROMISOA abiapuntutzat hartuta, baina helburua KALITATEA eta nork bere nortasunari eustea dela ahaztu gabe.”
  • Ahize-ko arduradunak, Mikel Urdangarinek, zera azaldu du: “Errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu eta errespetatzen duten enpresak eta merkatariak nabarmendu egin behar dira, kalitate eta ingurumen arloetan egiten den bezala. Bai Euskarari Ziurtagiriak erraztu egiten du lortutakoaren komunikazioa, eta modu planifikatuan lan egiteko aukera ematen. Ahize hizkuntza aholkularitzan eta AEKn orain arte bezala jarraituko dugu egitasmo hori sustatzen, gure zerbitzua jasotzen dutenei aukera hori eskainiz eta eragile guztien arteko elkarlana indartuz. Zorionak Kontseiluari eta egitasmo horretan parte hartzen ari diren enpresa eta merkatari guztiei.”
  • Artez-eko arduradunak, Patxi Alañak adierazi du: “Produktu edo zerbitzu zehatz bat eskaintzen duen enpresa euskarazko zerbitzua ematen hasten denean, arlo berekoak bide berean sartzea ere errazagoa da. Eta ez bakarrik lehiakidearen atzean ez geratzeagatik sortzen den grinagatik, terminologia egokia eta hizkuntza eredu egokiak erabiltzea bideragarria dela jadanik frogatuta geratzen delako ere bai. Bai Euskarari Ziurtagiriaren eragin garrantzitsuenetako bat herri eta sektore mailako sinergia da.”
  • Emun-en izenean, Juan Luis Arexolaleibak zera azpimarratu du: “Azken hamarkadetan, zailtasun eta erasoen gainetik, dinamika bizia garatu da euskararen normalizazio bidean. Testuinguru horretan maiz egiten den honako hausnarketarekin bat egiten dugu, hots, euskararen berreskurapenerako ez ote diogu eskola edo umeen irakaskuntzari pisu edo garrantzia eman eta arlo sozioekonomikoa, gizartearen motorra dena, albo batean utzi?” Bere normalizaziorako euskarak esparru sozioekonomikoa irabazi behar du. Zeregin horretan “Bai euskarari ziurtagiria”k euskara esparru berrietara zabaltzeko balio duen neurrian, aurrera ziurtagiria.

Erantzun

Sartu