Sustatu logoa Teknologia albisteak

Hizkuntza indoeuroparrak Anatolian sortu omen ziren

Joxe Aranzabal
2003-11-27 15:11

Nature aldizkariak gaur argitaratu du berri hau, eta The Guardian egunkariak ere gaur barreiatu du lau haizeetara. Honek, gainera, euskarazko hitz batzuk erabili ditu bere artikuluaren hasieran: “At last the answer in black and white, or beltz and zuri if you happen to be Basque…”, esan nahian bezala, euskarak ere Anatolian duela sorburua, hipotesi horren arabera.

Kontua da Aucklandeko Unibertsitatean, Zeelanda Berrian, bi ikertzailek —Russel Gray eta Quentin Atkinson— erabili dituztela hizkuntzak ADN balira bezala, jakiteko haien jatorria. Aukeratu dituzte 2.449 berba, 87 hizkuntzatatik hartuta, eta egin dute arbola genealogiko bat. Hala ere, ez dituzte hitzok alderatu. Aitzitik, aukeratu dituzte 200 hitz, “ni”, “ehiza”, “zeru”, eta horrelako beste batzuk, kultura guztietan aurki daitezkeenak, eta aztertu dute denboran zehar zer bilakaera izan duten hizkuntza guztietan.

Ondorioak

Hizkuntza indoeuroparren arbolak, Grayk eta Atkinsonek egina, adierazten du hizkuntza hauen jatorria dagoela Anatolian, gaur egungo Turkian, orain 9.500 urte. Garai hartan hititera hitz egiten zen Anatolian, eta handik, hain zuzen, hedatu zen nekazaritzako teknikekin batera, Europan eta Asian zehar.

Ikerketak berretsi egin ditu orain arteko zenbait uste: dio gaztelania eta portugesa anai-arrebak direla, eta alemana, bien lehengusu-lehengusina. Eta hirurek senide txikia dutela hindi hizkuntza.

Ingelesari buruz, gaurko lingua franca, ikertzaileek diote berau dela mazedoniaz egindako entsalada handi bat bezalakoa: “Oxford Ingelesaren Hiztegian dauden hitz guztien %90 mailegatuak dira beste hizkuntza batzuetatik”.

Zalaparta

Nature aldizkariak berak dio ondorio hauek zalaparta ugari sortuko dutela bazterretan, oraindik ez baitago adostasunik, nondik datozen hizkuntza indoeuroparrak.

Urte luzeetan, dio aldizkariak, ikertzaileek uste izan dute Kurganen tribua zela hizkuntza indoeuroparren sorburua, Asia erdialdean, zeinak orain 6.000 urte zaldia hezi eta Europa inbaditu baitzuen.

Beste batzuek, aldiz, uste izan dute hizkuntza indoeuroparrak zabaldu zirela garagarra eta dilistekin batera, Asiako mendebaletik.

Charles Darwinek, ostera, idatzi zuen 1871n hizkuntzak bilakatu direla animaliak eta landareak bezalatsu. Gray eta Atkinson doktoreek, azkenik, jo dute Darwinen bidetik beraien ikerlana egiteko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu