Teknologia albisteak

Miramon da ISO 9001 Kalitate Agiria lortzen duen Europako lehen Produkzio Zentroa

Erabiltzailearen aurpegia
EiTBko prentsa bulegoa - EiTB
2003-11-27 : 09:11

Euskal Irrati Telebistak Miramonen duen Produkzio Zentroak ISO 9001 Kalitate Agiria lortu du. Agiria jasotzen Europako lehen Produkzio Zentroa da. Euskarak kalitate prozesu honetan izan duen presentzia oso nabarmena izan da hasieratik amaieraraino. Gainera, hemendik aurrerako jarraipen agiri guztiek ere euskara izango dute jatorrizko hizkuntza.

AENOR taldeak egin du auditoriak, eta agiriak erabateko izaera du "telebistako programagintzan (diseinua eta fabrikazioa) ETB SAren Miramongo Produkzio Zentroan (Donostia)". Agiri-ematearen ekitaldi ofiziala azaroaren 26an izan da Miramongo Zentroan bertan. Ehun bat gonbidatu bildu da bertan, besteak beste, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Andoni Ortuzar EiTBko zuzendari nagusia eta Luz Enparanza AENOR elkarteko zuzendaria.

Kultura sailburuaren hitzetan:

"Eusko Jaurlaritzak Kulturaren alorrean dituen ekimen guztien konpromisoa da Kalitatearena, eta bereziki EiTBn, iaz sinatutako Programa-Kontratuak erakusten duenez. Gainera, EiTBren apustu honek garrantzi bikoitza du euskal gizartearekiko: batetik, bere programek islatzen dutena, eta bestetik, beste enpresa, elkarte publiko eta erakundeen erreferentzia bezala".

Miren Azkaratek esan duenez "berebiziko garrantzia du, bestalde, bide honetan euskarak izan duen presentzia hasieratik amaierara arte. Euskaraz kalitate prozesu bati aurre egiteak, barne agirietatik jarraipen dokumentuetaraino, gure hizkuntzaren modernizazioaren beste urrats bat da. Eta horretan ere EiTB bere lana betetzen ari da".

EiTBko zuzendari nagusiak, Andoni Ortuzarrek:

"euskal hedabide publikoen kalitatearen aldeko apustua ez da bat-batean sortu. Aspaldian ekin diogu bideari, eta orain fruituak ari gara batzen. Iaz barneko prozesuek jaso zuten ISO agiria, eta aurten Miramon izan da. Bietan, gainera, Europan aitzindari izan gara gure alorrean eta ez dugu hor geratzeko asmorik; aurerra jarraituko dugu bide honetan. Euskal herritar guztiei kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko, kalitateko taldea garela erakutsi behar dugulako".

Aurreko astean, Miramongo ekoizpen prozesuak, AENORekin batera abiatutako ikuskaritzapean, aztertu egin dituzte. Analisiek diotenez, bertan ISO Kalitate Agiriak zehaztutako baldintzen arabera lan egiten da. Egiaztagiri hori lortu duten enpresek bermatuta izango dute egiaztatutako eta homologatutako prozesuak darabiltzatela, edozein eremu ekonomikotan lan egiten dutela ere.

Prozesuetan etxe guztia inplikatuta

Ikuskaritzak dioenez "agerian geratu da Zuzendaritza eta enpresako kide guztiek kalitatea kudeatzeko sistema ezarri eta garatzeko inplikatuta daudela". Horrez gain, AENORek argi ikusi ahal izan duenez, "prozesuen bitartez eginiko kudeaketari begira daude, etxe barruan dauden sail guztietako lankideek hartzen baitute parte bezeroen nahiak asetzeko asmoz". Era berean, auditoriaren arabera, "prozesuek eskaintzen duten informazioari arreta eskaintzen zaio, biltzeko, eta gero hobekuntza ekimenetan erabili ahal izateko".

Zentroko arduradunek adierazi dutenez, orain lortu duten ISO agiria ez da prozesu konkretu batentzat bakarrik izan: etxeak duen jarduera guztietara zabaldu da.

ISO = prestigioa

ISO ziurtagiria edukitzeak prestigioa adierazten du munduko enpresa guztietan. 15 urte baino gehiago dira Miramongo egoitza ireki zutela, 1987ko otsailaren 20an hain zuzen ere, eta digitalizazio prozesu batean murgilduta dago aspalditik, horretarako 850 milioi pezetako inbertsioa beharko delarik (bost milioi euro baino gehiago). Mila saio baino gehiago ekoitziko ditu Zentro honek 2003. urtea bukatzerako.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago