Google News Alerts sortu da
Google bilatzailea hasi da probatzen beta bertsioan Google News Alerts zerbitzu berria, nahiz eta oraingoz ingelesez bakarrik dabilen.
Nola erabili News Alerts zerbitzua
Eman dezagun kazetari batek nahi duela jakin zer argitaratzen den Dave Bieter Boiseko alkate aukeratu berriaren gainean, haren jarraipena egin nahi duelako. News Alerts zerbitzura doa eta News search atalean idazten du: Dave Bieter. Nahi badu e-postak egunean behin jaso, aukeratu beharko du once a day. Aitzitik, nahiago badu albisteak jaso sortu ahala, hautatu beharko du as it happens. Bigarren kasu honetan, gaia puri-purian baldin badago, mezu asko jaso ditzake.
Mezuak jasotzeko, ezinbestekoa da idaztea norberaren posta helbidea azken atalean. Googlek zin egiten du ez diola inori salduko edo utziko.
Harpidetza egiten duenak, hortaz, jasoko ditu mezuak e-postaz, eta horietan agertuko dira albisteak, Googlek sarean aurkitu bezala. Horiek dira news alerts direlakoak, albisteen abisuak.
Nori interesa dakiokeen
Zerbitzu hau jende askori interesa dakioke:
- Kazetariari, egiten ari denean albiste baten jarraipena. Adibidez, zer esan den Prestigeri buruz.
- Enpresa bati, jakin nahi duenean zer argitaratzen den konpetentziaren gainean. Eroskiko prentsa arduradunak, esate baterako, interesa izan lezake jakiteko zer esaten den Carrefour-en gainean, edo bere enpresari buruz.
- Kirol zaleari, jaso nahi duenean halako edo bestelako izarren berri. Alberto Iñurrategi, Joane Somarriba edo Bixente Lizarazuren azken gorabeherak, kasu.
- Ikertzaileari, aztertu nahi duenean zer esaten den gai baten gainean. Adibidez SARS, minbizia edo Alzheimer.
Halabaina, berriro gogorarazi behar, oraingoz ingelesez bakarrik dabilela abisuen zerbitzu hau.
Nola iritsi News Alerts zerbitzura
Sartu nahi duenak zerbitzu berrian, bi modu dauzka hori egiteko:
- Sarturik lotura hau gogokoenetan.
- Google News albiste zerbitzura joanda. Behin honen barruan, sartu hitz bat goiko bilatzailean, bila ditzan gai horren inguruan dauden albiste guztiak. Esate baterako, basque hitza. Agertuko dira berri mordoa, basque hitza dutenak. Egin beheraino orrialde horretan, eta hortxe ikusiko duzue New, letra gorriz idatzita. Hor klik eginez sar zaitezkete News Alerts zerbitzuan.
Nola ezeztatu harpidetza
Baten batek huts egiten badu gaia idazterakoan eta, nahi gabe, idazten badu SALS, idatzi beharrean SARS, ezeztu egin dezake harpidetza, klik eginez jasotzen duen mezuaren behealdean, horretarako propio eginda dagoen loturan. Ondoren, harpidetza berria egin, ondo idatzi SARS, eta kito.
Eta besterik gabe, harpidedun batek amaitu nahi duenean harpidetza, klik egitea besterik ez du, jasotzen duen edozein mezuren behealdean: unsusbscribe.
Erantzunak kargatzen...