Teknologia albisteak

Martin Ugalderen "Hiltzaileak" ipuin-bilduma entzungai

Erabiltzailearen aurpegia
Ainhoa Arozena - Beterriko Liburua
2003-11-17 : 10:11

Martin Ugalederen euskarazko "Hiltzaileak" lehen liburua (ipuin bilduma) entzungai da dagoeneko. Hilaren 13an aurkeztu zen CD-a Koldo Mitxelenan.

Lerro hauen laguntzaz, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, Beterriko Liburua literatur ekimenaren barruan, Andoaingo Udalaren laguntzarekin batera, argitara eman duen CD-aren berri azaltzera gatoz.

CD-ak, Martin Ugaldek 1961 urtean Venezuelan argitaratu zuen Hiltzaileak ipuin-bildumako ipuinak biltzen ditu. Idazle andoaindarrak idatzi zuen lehen euskal liburua izan zen aipatu lana, ordura artean gaztelaniaz idatzi izan baitzuen.

Erresistentzia garaiko bost narrazio laburrek osatzen dute liburua, euskal ipuingintza modernoaren aitzindari izan zelarik. Bost ipuin horiek irakurri ez ezik, entzun ere egin ahal izango dira aurrerantzean. Joxe Manuel Goikoetxea da CD-an ipuinen narratzailea, nahiz eta hainbat bikoizleren ahotsak ere tartekatzen diren. Donostiako Irusoin etxean grabatutako lanaren 1000 ale argitaratu dira.

Martin Ugalde

Martin Ugalde 1921ean jaio zen Andoainen. Hamalau urte zituela sortu zen gerratea. Erbestera alde egin behar izan zuen eta Venezuelan eman zituen bizitzako urte luzeak. 1969an Euskal Herrira itzuli zen. Harrezkero ezaguna dugu kazetari, elkarrizketatzaile, historialari eta literatur idazle gisa. Venezuelan ernatu zitzaion literatur sena, eta hango idazle hego amerikarren eragina dute bere lehen narrazioek. Ezagunak dira oso Hiltzaileak (1961, 1985) eta Mantal urdina (1984) narrazio liburuak, euskal ipuingintzaren nola-halako aitzindaritza bat bete zutenak.

Hiltzaileak da gaur goizetik entzungai izango den ipuin bilduma. Aipagarriak dira, bestalde, Itzulera baten historia (1990) eta Pedrotxo (1994). Beti ere erbesteratuaren esperientzia bazterrezina gertatuko zaio egileari.

Erantzun

Sartu