Teknologia albisteak
2

iTunes Musika Denda, urteko asmakizunik onena. Time dixit

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-11-13 : 11:11

Time aldizkariak erabaki du Apple etxearen iTunes Musika Denda dela urteko asmakizunik onena. Before & After aldizkariak ere goraipatu egin du iPod jogailuaren publizitatea.

Asko esatea da, urteko asmakizunik onena. Baina horrela izendatu du Time aldizkariak 2003 urtearen hondarrean Apple etxearen iTunes Music Store denda birtuala.

Apirilean Applek sortu zuenean denda hori AEBetako macintosh erabiltzaileentzat soilik, Sustatuk eman zuen haren berri. Baita joan den hilean, denda ireki zuenean AEBetako windows erabiltzaileentzat ere. Horregatik, ez gara berriz ere hasiko dendaren ezaugarriez hitz egiten.

Time aldizkariak azpimarratzen du erraztasuna dela giltza, ulertzeko denda honen arrakasta: pertsonarik baldarrenak ere erraz erabil dezake Applen denda birtuala, musika probatu eta erosteko. Prezioak ere zeresan handia omen du arrakastan: abesti batek balio du 0,99 dolar, eta diskoak 9,99. Ahaztu gabe denda horretan erositako musikak muga oso gutxi dituela hortik zehar erabiltzeko, gainerako dendek baino gutxiago bai.

Dendak ez omen du dirurik ematen

Steve Jobsek esan omen du musika denda birtual hauek ez dutela dirurik ematen: Applek jasotzen dituenean 0,99 dolar zure kreditu txarteletik, 0,65 doaz zuzenean diskoetxera. Laurden bat-edo doa banaketa gastuetarako. Applek, beraz, eskuratzen ditu hamar zentimo abesti bakoitzeko. Urtean salduko balitu 500 milioi dolar ere, berak 50 milioii baino ez lituzke irabaziko. Orduan, zertarako halako montajea? “Saltzen ditugulako iPod musika jogailuak”, erantzun Jobsek.

Eta hor omen dago koska kontu honetan. iPod izan daiteke Applen Troiako Zaldia softwarearen erresuman: windows erabiltzaileek jaso dezakete iTunes doan. Hau da programa bat, musika kudeatu eta jaisteko saretik, eta eskaintzen ditu MusicMatch eta Real One programek ordainpeko bertsioetan eskaintzen dituzten ezaugarri guztiak. Baina bakarra da iPod jogailuan jotzen, dio Timek, eta bakarra zenbait ezaugarri eskaintzen, hala nola bilatzaile indartsu bat.

“Behin iTunesen ohitzen bazara, kito —dio Charles Wolf analistak—, galdua zara. Oraindik beste bi milioi iPod sal ditzakete horrela. Eta kontuan izan iPod bakoitzarekin Applek irabazten dituela 175 dolar, garbi”. Hortxe, beraz, Applen irabazpidea, dendan baino areago.

Bikaintasuna diseinuan

Before&After diseinu aldizkariak ere sutsu goraipatu du bere webgunean Applen kanpaina iPod jogailuak saltzeko.

Klik egiten baduzue eskuineko gezi berdean, irudiaren goialdean nahiz behealdean, ikusiko duzue nola aztertzen dituen, modu sotilean, iragarkiaren ezaugarriak: kontrastea, lañotasuna, loturak kontzeptuen artean, bizitasuna, etab.

Erantzunak

Olegario
2003-11-13 : 17:14

Hementxe daukazue asmakizunen zerrenda osoa, Timek aukeratua. Denetik dago.


Dick Turpin
2003-11-13 : 19:41

Popular Science aldizkariak ere azpimarratu du iTunes Musika Dendaren bikaintasuna. Aldizkariak aztertzen ditu urteko asmakizunik onenak, eta dio denda birtual honi esker, musikaren industriak izan duela lehen arrakasta, musika digitalean beti ere.


Erantzun

Sartu