Teknologia albisteak

Mediaberri kazeta elektronikoa zentsuratu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Mediaberri - Mendiaberri
2003-11-11 : 10:11

Manuel Monterok zentsuratu egin du Kazetaritza Fakultatean sortutako Mediaberri euskal kazeta elektronikoa. Errektoreak, Mediaberri ezagutu gabe webgunea ixtea erabaki zuen. Urriaren 21ean gauzatu zen agindua.

Mediaberri Montero errektoreak zentsuratua 2003ko Azaroa

Mediaberri Montero errektoreak zentsuratua 2003ko Azaroa

EHUko Komunikazio Zientzien fakultatean sortu zen Mediaberri 2001. urtean. Josu Amezaga irakaslearen egitasmoa izan zen. Hasiera batean Afganistango erasoaren inguruko ikasketa lana izan zena, gero ikasle talde baten komunikazio proiektua bilakatu zen. Webgune honek unibertsitateko hosting-a (web orrietarako espazioa) erabiltzen zuen, honen titularra Josu Amezaga zela. Jatorrizko helbidea www.ehu.es/mediaberri zen, baina ezagutzera emateko www.mediaberri.com erosi zen 2002. urtean.

Kazetaritza euskaldun eta independientea

Proiektu horrekin jarraitu genuenok kazetaritza euskaldun eta independentea jorratzeko apustua egin genuen. Momentura arte ez zegoen euskal esparru komunikatiboan informazio alternatiboa euskaraz lantzen zuenik. Gerora etorriko ziren Indymedia EH, Gaztesarea edota Jotake Lahaine bezalakoak. Egun ere, interneten informazioa euskaraz jorratzen duten komunikabide bakarrenetarikoa izaten jarraitzen dugu, beti ere unean-uneko ekoizpen mugen barne. Besteak beste, 2002.eko Irailaren 14ko manifestazioaren gaineko euskarazko lehenengo informazioaren euskarri izan ginen, Irakeko azken erasoetaz, aurrenekoak izan ginelarik ere.

Irakasle kaleratuaren berria sortu du Errektorearen arreta

Informazio esparru zabala lantzen dugu, Euskal Herria, Mundua, Unibertsitatea, Kultura eta Iritzia sailetan. Azpiegitura teknikoen aurrean, funtzionaltasuna bilatu izan dugu, edukietan ahalegin guztiak finkatuz. Proiektua sendotzen joan den neurrian bide berriak irekitzen joan gara. Horiek direla eta Mediaberrik piztu izan du azken asteetan Errektoregoaren arreta. Nikolas Xamardo azken irakasle kaleratuak mantentzen zuen gose grebaren 15. eguna betetzen zenean, Urriaren 15a, Leioako kanpusean berekiko elkartasunean manifestazio bat antolatu zen. Mediaberrik, unibertsitatean ematen diren gertakariekin egin ohi duen moduan, albistearen berri eman zuen.

Ondorioa, zentsura

Urriaren 16rako sarean plazaratuta zegoen. Testuinguru berean, Boulevard irratsaioak Leioako Kanpusetik egiten zela, Josu Amezagak Xamardoren aipamena egin zuen. Manuel Monteroren inguruko norbaitek artikuluaren berri eman zion eta Errektoreak, Mediaberri bera ezagutu gabe, webgunea ixtea erabaki zuen agindua urriaren 21ean gauzatu zelarik, inolako abisurik eman gabe. Argudioa, Mediaberri Irakasle kaleratuen ahotsa bilakatua zela. Kuantitatiboki neurtuta, egiaztagarria da kaleratutako ehunaka artikuluetatik hiruk baino ez dira Kaleratuen inguruan. Arazo teknikoa zelakoan, itxaron egin genuen eta lau egun pasa ondoren EHUko Informatika Departamentura (CIDIR) jo genuen. Azalpen bakartzat, Gerentziatik emandako agindua zela izan genuen. Ordurako kalte nabarmena pairatua zuen Mediaberrik, lau egunez edozein komunikabidek isildua egoteak dituen ondorioekin.

Bitartean www.mediaberri.com beste espazio gune batera eraman genuen, honek zekartzan arazo tekniko anitzei aurre eginez. Josu Amezagak Gerentearekin urriaren 27an hitz egin zuen eta honek goitik zetorren agindua zela erantzun zuen. Montero Errektorearen azalpenak aste osoan zehar lortzen saiatu ondoren, urriaren 31n azkenik, erantzuna jaso genuen. Luze hitz egin ondoren, erabakia berrikusiko zuela adierazi zuen eta webgunea pertsonalki aztertuko zuela, astebeteko epean behin betiko erabakia jakinaraziko zuelakoan.

Itxiera eman zenetik ia hilabetean eman den egun honetan, pairatutako zentsura salatzea erabaki dugu Errektoretzak azaldu duen interes ezak beharturik. Gertatutakoa adierazpen askatasunaren aurkako eraso zuzena izateaz gain, gure ustez Mediaberriren irakurleen eta orokorrean euskal komunikabideen kontrako kolpe berria suposatzen du. Hori dela eta gertatutako guztia aditzera ematearen beharra ikusten dugu.

Gure hasierako asmoak betetzen jarraitzeko konpromisoari helduta, jakinarazi nahi dugu euskara eta adierazpen askatasunaren alde egiten segituko dugula. Edozein zentsura formak, salaketa eta gure komunikazio jardueraren indartzea izango dutela ondorio.

EZ GAITUZTE ISILDUKO!

Erantzun

Sartu