Teknologia albisteak

Argo, ahozko inprobisazio kantatuaren datu basea

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-11-10 : 19:11

Bertsozale Elkarteak antolatutako Ahozko Inprobisazioa Munduan izeneko kulturarteko topaketak amaitu berri dira. Jardunaldi akademikoetan hainbat iritzi eta proposamen eman ziren ezagutzera, Argo proiektua horien artean, ahozko inprobisazio kantatuaren datu baserako proposamena.

Arantza Mariskalek aurkeztu zuen ostiralean proposamena Miramar Jauregian egindako hitzaldian. Bertsozale Elkarteko Xenpelar Dokumentazio Zentroak egin du proiektua eta ahozko inprobisazio kantatuaren web txokoa izan nahi du Argok.

Ahozko inprobisazio kantatuaren inguruan dauden aditu eta inprobisatzaileek sortzen dituzten ikerketa, azterketa, bilketa eta beste zenbait lanen, gai honetan lanean diharduten organismoen, eta munduan zehar antolatzen diren jardunaldi eta ekitaldien inguruko informazioa bildu eta zabalduko duen datu basea da, oinarrian, Argo proiektua.

Oraingoz, proposamena bakarrik

Aurrera begira Argo proiektua izango denaren oinarri teknologikoa definitu besterik ez zen egin hitzaldian eta proiektuaren eztabaida zabalago baten hasiera besterik ez du izan nahi Argok.

Munduko edozein lekutatik elikatu ahal izango da datu basea, horregatik proposatu dute web bidez elikatzea. Argo, proiektu kolektiboa izango da: edozein pertsonak erabil dezake, bai bilaketak egiteko, baita informazioa sartzeko ere. Munduan zehar banatutako aditu talde batek oniritziko du bertako informazioa.

Bertsozale Elkartearen webgunean aurkituko duzue proposamenaren aurkezpeneko testu osoa, pdf formatuan jaisteko moduan.

Erantzun

Sartu