Gaurtik aurrera, Postariak banatuko du Sustatu postontzietara
Sistema berriarekin, euskarazko mezu eta interfazeak aurkituko ditu erabiltzaileak, harpidetuz gero. Era berean, Yahoo Groups-ekin ez bezala, Postariarekin ez da publizitaterik banatuko.
Lehen Yahoo Groups-en harpidetuta zeundeten guztiak eraman zaituztegu orain Postaria zerbitzura. Baina ez dakigu migrazioan etorkinik edo joakinik galdu ote zaigun. Zeure kasua hori balitz, eta lehen ondo harpidetuta egonik, orain Postaria-ren bidezko mezuak ez badituzu jasotzen, idatzi mesedez hona: sustatu-owner@postaria.com
Harpidetza berrietarako, erraza da. Animatzen bazarete, buletinean izena emateko, bidali mezu bat sustatu-join@postaria.com helbidera, edo bestela bete eskaera orria.
Harpidetza etetea ere erraza da: bidali e-posta mezu bat helbide honetara: sustatu-leave@postaria.com
Harpidetza modua konfiguratzeko aukera ere baduzue harpidedunek, eguneko bilduma (ingelesez, digest) batean jasotzeko mezuak, edo oporretan aldi baterako eteteko jasoketa.
Postaria.com
Posta-zerrendak eta buletin elektronikoak kudeatzeko zerbitzu profesionala da Postaria.com. Sustatu-ren oinarri teknikoaren ardura duen enpresak, CodeSyntax-ek, jarri du martxan. Interneten, webgintzaz gain, e-postan oinarritutako komunikazioa ere funtsezkoa da, eta horretarako zerrenda kudeaketa langintza garrantzitsua da.
Postaria software librearekin dabil. Posta-zerrendak kudeatzeko Mailman sistema indartsuarekin. Software horrek posta-zerrendak eta agerkari elektronikoak sortzeko gaitasun handia eskaintzen du. Behar bezala egokitua dago eleaniztasunera. Zerrenda jakin baterako, hizkuntza aukeratu daiteke, eta baita ere zerrenda elebidun edo eleanitzak sortu: horietan, erabiltzaileak aukeratzen du nola komunikatu sistemarekin, zein hizkuntzatan jaso mezuak eta ikusi interfazeak. Sustaturen buletin edo zerrenda, noski, euskaraz da.
Mailman euskaraz lokalizatu du CodeSyntax-ek Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin. Euskaraturiko paketea Softkat euskarazko software katalogotik jaitsi daiteke. Zerbitzari batekin, eta aplikazioa ezagututa, beste edonork ere Postaria bezalako zerbitzu bat martxan jartzeko aukera du, beraz.
Erantzunak kargatzen...