Teknologia albisteak

Ahozko Inprobisazioa Munduan Kulturarteko Topaketak

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-11-03 : 09:11

Bertsozale Elkarteak Ahozko Inprobisazioa Munduan izeneko kulturarteko topaketak antolatu ditu. Donostian egingo dira jardunaldiak azaroaren 3tik 7ra bitartean, eta bi dimentsiotan bereizitako ahozko inprobisazio kantatua izango dute gai nagusi. Alde batetik, munduko kontinente desberdinetako ahozko inprobisazio kantatua ezagutzeko parada eskainiko da jaialdien bidez; bestetik, ahozko inprobisazioaren azterketan aurreratzeko ahalegina egingo dute.

Gogoeta teorikoa

Gogoeta teorikoa

Inprobisazio kantatua ulertzeko esparru teoriko bat garatuko dute, egungo gizarteetan irauteko dituen aukerak aztertu eta egin ditzakeen ekarriak zehaztuz. Gogoeta teoriko horrek ondoko ardatz nagusi hauek garatuko ditu:

  • Ahozkotasunaren egoera oro har gaur egungo gizarteetan. Generoak eta modalitateak.
  • Ahozkotasunaren antropologia. Ahozko performantzea.
  • Ahozko inprobisazio Kantuaren barne-mekanismoak: mugak eta estrategiak.
  • Munduko bat-bateko ahozko esperientzien aurkezpena.
  • Inprobisazioaren etorkizuna: iniziatiben proposamenak.

Jardunaldi akademikoak Donostiako Miramar Jauregian egingo dira, azaroaren 3tik 7ra, goizeko 9:30ean hasita.

Jaialdiak

Topaketetako jaialdi nagusia Bilboko Euskalduna Jauregian izango da azaroaren 8an, arratsaldeko 17:30ean. Bertan, Menorca, Argentina, Uruguay, Georgia, Jamaika, Kuba, Kanariar Uharteak, Maroko, Mexiko, Portugal, Sahara eta Sardiniatik etorritako inprobisatzaileek hartuko dute parte, Euskal Herrikoekin batera.

Astelehenetik ostiralera bitartean, beste hainbat jaialdi ere izango dira. Donostian, egunero egingo da jaialdia Lugaritz kultur etxean, arratsaldeko 19:30ean hasita.

Donostian ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere egingo dira jaialdiak: Ustaritze, Usurbil, Barañain, Iruñea, Altsasu, Laudio, Agurain, Arrasate, Elizondo, Getxo eta Arbizun.

Topaketak online

Topaketen informazio zehatza aurkituko duzue http://www.bertsozale.com/topaketak2003/index.htm helbidean. Bestalde, astean zehar burutzen diren ekintzen gaineko informazio guztia emango dute "topaketak online" atalean.

Erantzun

Sartu