Elpaís.es, burua jaso ezinik
Prisa taldeak jakitera eman ditu taldeari buruzko datuak eta, lehenengo aldiz, hor agertzen dira elpaís.es agerkari elektronikoaren gaineko xehetasunak.
Prisak dio egunkari elektronikoak 25.000 harpidedun dituela, nahiz eta ez dituen bereizten horietatik zenbatek ordaintzen duten harpidetza benetan. Izan ere, horren barruan daude harpidetza korporatiboak, promoziozkoak (Digital +eko harpidetzak edo Cinco Días egunkariarekin batera eginiko harpidetza partekatuak) eta ordaintzen ez direnak.
Behar baino harpidedun gutxiago
2002ko azaroan egin zen elpaís.es ordainpekoa. Erabaki haren ondorioz, egunkari elektronikoak irten egin behar izan zuen OJD eta EGM erakundeetatik, ez baitzuen zentzurik audientziak neurtzea, hainbeste irakurle galdu ondoren.
Egunkariko arduradunek esan zuten orduan 2003aren hondarrean izango zituztela 30.000 harpidedun. Horrekin adierazi nahi zuten gai izango zirela irakurleen %6 harpidedun bihurtzeko.
Zenbait adituren ustez, baina, 25.000 harpidedunak benetakoak izanda ere, dezente behetik ibiliko litzateke halakoetan erabiltzen diren kopuruekin alderatuz gero, gomendatzen baita irakurleen %10 harpidedun bihurtzea.
Alexa bilatzailetik atera daitekeenez, elpaís.es egunkariak 240.000 bisitari baino gutxiago ditu egunero, zeinek batezbeste milioi bat orrialdetan egiten duten klik.
Erantzunak kargatzen...