Teknologia albisteak

Jardunaldiak: Tokiko hedabideen aukera, erronka eta estrategiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-10-28 : 09:10

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak III. Jardunaldiak egingo ditu azaroaren 28 eta 29an, Zamudioko Teknologia Parkean. Tokiko hedabideak etorkizunera begira da jardunaldien leloa. Topaketen lehen eguna prentsari eskainiko diote. Biharamunean, berriz, tokiko irrati-telebistetan zein multimedia-egitasmoetan izaniko esperientziak aztertzeaz gain, Internetek, teknologia berriek edota euskalkiek eurek eskaintzen dituzten aukerak ere ikertuko dituzte.

Arrasate Press aitzindari gaur egungo euskarazko herri-aldizkarigintzan

Aurten hamabost urte beteko dira Arrasate Press estreinakoz kaleratu zenetik eta hura izan zen lehena gaur egungo herri-aldizkarigintza euskarazkoan. Arrasate Press-en ondoren tokiko informazioa modu profesionalean jorratzen zuten hainbat kazeta sortu ziren Euskal Herriaren luze-zabalean. Haatik, orduko ingurumaria eta gaur egungoa erabat desberdinak dira: Interneten eta aro digitalaren ailegaerak, hedabideen kontzentrazio-prozesuek, multimedia-egitasmoen ugaltzeak... faktore horiek guztiek tokiko hedabideei ere eragin diete. Hortaz, horri buruzko gogoeta bultzatu gura dute Topagunetik jardunaldion bidez, euskal hizkuntza-komunitatean modu are eraginkorragoan eragiteko bideak urratze aldera.

Kazetagintzatik multimediara

Topaketen lehen eguna prentsari eskainiko diote, bete-betean eskaini ere: Euskal Herriko informazio-enpresen mapa eta euskarazko hedabideen garrantzia, hizkuntza gutxituetan diharduten Europako beste hedabide lokalen egoera, tokiko hedabideak eta euskararen normalizazioa, aurrera begirako estrategia posibleak... Gai horiek guztiak jorratuko dituzte hitzaldi eta mahai-inguruen bidez.

Bigarren egunean, berriz, tokiko irrati-telebistetan zein multimedia-egitasmoetan izaniko esperientziak (Euskal Herrikoak zein Europako beste bazter batzuetakoak) aztertzeaz gain, Internetek, teknologia berriek edota euskalkiek eurek eskaintzen dituzten aukerak ere ikertuko dituzte. Ez hori bakarrik: horrez gain, bere azken ekoizpenak ere aurkeztuko ditu Topaguneak: tokiko aldizkarientzako EDIT-ON erredakzio-sistema, euskara elkarteentzako webgune bateratua eta Asteon telebista-astekaria, hain justu. Jardunaldiak amaitzeko, bestalde, Arrasate Press omenduko dute, haren 15. urtemuga dela bide.

Egitarau osoa duzue Sustatun.

Izen-ematea

- Izena emateko epea: azaroak 14 (parte-hartzaileen kopurua mugatua da).

- Matrikularen prezioa:

Parte-hartzaileek: 90 euro

Topaguneko bazkideek: 75 euro

(Bazkariak ez daude prezio horietan sartuta; jatordu bakoitza 12 eurokoa da eta aurrez izena eman beharra dago).

- Ordainketa modua: izena emateko orrian agertzen den Topaguneko kontuan sartu dirua parte-hartzailearen izenean eta Jardunaldiak kontzeptupean.

- Izena emateko era:

  1. - Aipatutako kontuan ordainketa egin eta parte-hartzailearen izenean ordainagiria eskatu.
  2. - Izena emateko orria bete eta ordainagiriarekin batera helbide honetara bidali:

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa

Arlozabal 8bis, 48220 Abadiño (Bizkaia)

- Harremanetarako: 94 621 58 05 / prestakuntza@topagunea.com

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago