Sustatu logoa Teknologia albisteak

Please to see you back, Mr. Etxeberria

Lurra - Lurra
2003-10-27 10:10

Pozten naz Patrigazko zure korrespondentziaz zelatatu izanaz, ostera be. Espero dot inork zeure (geure) ametsak kentzen barriro ez saiatzea. Mila esker!

03-10-26. (gara.net)

Iritzia > Jo puntua / Hasier Etxeberria - Idazlea

Amesgaizto ona

Patri maitea, badakizu «hura» gertatu zenetik ez naizela lehengoa bera. Sendatuko naiz egunen batean, baina oraindik sukar eroaren menpe bizi naiz, batez ere zuri idazteko tenorea iristen denean. Gutun honetako letrak bata bestearen ostean josten hasi behar dudanean, areagotu egiten zait desoreka. Horrela bakarrik uler daiteke, esate baterako, bart izan dudan ametsa.

Jendez mukuru zegoen ETBko itxaron gela batean nengoen. Ez nekien zer egiten nuen han, baina baten batek aipatu du casting hitza. Antza denez, literaturaren inguruko "Anaia Handia" moduko emisio bat egin nahi zuten, eta horregatik ginen han hainbeste idazle, garai eta kolore guztietakoak.

Lehenik eta behin, eskuetan mailua zeraman gizon bati erreparatu diot. Aresti zen zalantzarik gabe, eta bere ondoan zeukan Lizardiri galdetu dio ea Rimbaud ezagutzen ote duen. Eta horrek ezetz, ea zergatik galdetzen dion horrelako gauza bat. Arestik esan dionez, kantu bat entzun omen du haraino eraman duen taxiaren irratitik. Lizardik ez du fitsik ulertu, eta Parisen egon zenean txo- larreak baizik ez zituela ikusi erantzun dio, inork ez ziola aurkeztu Rimbaud izenekorik.

Jende andanaren artean ia gehienak egin zaizkit ezagun: Oihenart, Axular, Mogel, Zarate... Hildako guztiak zeuden bertan. Biziak ere bai: Irigoien, Epaltza, Alonso, Aristi, Cano... Egia esan, Atxaga bakarrik falta zen. Ez dakit nola sartzen ginen hainbeste pertsona leku eta amets berean. Kontua da ni alde batetik bestera ibil nintekeela denen artean, inork ez baininduen neu ikusten.

Bazter batean Hernandez Abaitua eta beste hiruzpalau zeuden, betiko pitokeriez mintzatzen. Ez diet kasu handiegirik egin, egia. Nahiago izan dut beste aldera begiratu eta Sonia Gonzalez, Jasone Osoro, Ixiar Rozas eta Bizenta Mogel zeuden lekurantz hurbildu. Hantxe aurkitu dut gizon bizar-zuri bat sotana beltz eta guzti. Begirik ez zien kentzen nesken gona motzei. Txomin Agirrek ea zertan dabilen galdetu dionean, azkar erantzun dio Etxeparek, bera Berpizkundekoa baino, Erdi Arokoa dela gehiago, eta barkatzeko, baina halako berna ederrik ez duela ikusi aspaldi. Montoia eta Lauaxeta bero-bero ari ziren beste zoko batean, baina ez dut entzun zer zerabilten. Joxean Agirre eta Juan Luis Zabala ikusi ditut haien ondoan apunteak jo eta fuego hartzen.

Ezin dizkizut ametsetako guztiak lerro apur hauetan laburtu, Patri, baina esadazu nirea normala ote den. Esadazu espezialistarengana joanda pasatuko zaidan edo datorren asteburuan Galeusca Gernikan delako gertatzen zaidan hori guztia. Esadazu zerbait, faborez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu