Sustatu logoa Teknologia albisteak

Utzi Windows eta erosi Mac, halaxe dio Mossbergek

Dick Turpin
2003-10-25 13:10

Apple denen ahotan dabil azken garaiotan: iTunes programa dela, iTunes Music Store dela, urteko lehen lauhilekoan irabaziak izan dituela, Mac OS X sistemaren Panther azken bertsioa dela… Baina azken ezustekoa Walt Mossberg adituak eman du The Wall Street Journal egunkarian: aspertuta bazaude burruka egiten birusei, kontuan izan macintosh bat.

Mossberg-ek dio Windows zuloz beteta dagoela eta, azken urteotan, hauxe bihurtu dela Microsoften arazorik larriena: segurtasun akatsak, bere sistema eta programetan. Erabiltzaile asko eta baita enpresa txikiak ere, asper-asper eginda daude arazo hauekin, askotan problema larriak ekartzen dizkiete eta.

Microsoft gogor ari omen da arazo hauek konpondu nahian, eta agindu du datorren udaberrirako aldaketa sakonak egingo dituela Windows XP sisteman. Service Pack 2 deituko dio bertsio honi, eta berau egiteko atzendu behar izan du Longhorn proiektua, alegia, Windowsen hurrengo bertsioa, zeina atzeratuko baita 2006ra arte, gutxienez.

Zergatik den Mac seguruagoa

Mac ere ez da garaiezina, eta sistema honekin ere erabili beharra daude antibirusak. Hala ere, dio Bill Rosenkrantz Macintosh produktuen buruak Symantec enpresan: Mac OS X-ek ez du birus bat ere izan, sistema eragile hori kaleratu zenetik. Bi urte badira hori gertatu zenetik.

Zer dela eta, orduan, mac seguruagoa birusen aurrean? Hauxe dio Mossbergek:

  1. Mac OS X oinarrituta dago Unix sisteman eta OS X honek ez die uzten erabiltzaileei manipulatzea hainbat kode eta fitxategi printzipal. Windowsek, aldiz, bai.
  2. Mac ordenagailuek itxita saltzen ditu komunikazio portuak.
  3. Mac ordenagailuak ez dira ailegatzen merkatuaren %5 izatera. Hutsaren hurrengo, hackerrentzat. Titular gutxi irabaziko dituzu, ordenagailu gutxi batzuk hondatzen badituzu.
  4. Kaltea eragiteko mac ordenagailuei, birus bereziak idatzi behar dira. Windowsentzat idatzitako birusek, ordea, ez diete zirkinik egiten.
  5. Applek ere kaleratzen ditu adabakinak, baina gehienak izaten dira Microsoftek idatzitako programen zuloak konpontzeko.
  6. Applek askoz hobeto konpontzen du eskatu gabeko postaren arazoa eta baita eskatu gabeko iragarkiak: Mail programak filtro bat jartzen die eskatu gabeko mezuei; eta Safari nabigatzaileak itxi egiten ditu eskatu gabeko iragarkiak. Outlook Express-ek eta Explorer-ek, aldiz, ezertxo ere ez.

Panteraren garaia

Horrezaz gain, Applek atzo kaleratu zuen Mac OS X sistemaren Panther bertsioa. Mossbergen iritziz, sistema hau oso ondo uztartzen da Windowsekin, eta aplikazio interesgarriz beterik dator.

(Independent.co.uk egunkariak ere izugarri goratu du Applen sistema berria, aldi batez probatu ondoren: bizkorragoa da, eraginkorragoa eta errazagoa lan egiteko. Bi ezaugarri nabarmentzen dituzte denen gainetik, hala ere: erabiltzaileak aldatzekoa eta karpeta irekien artean aukeratzekoa.)

Sistema eragilea alde batera utzirik, Mossbergek ere aintzat hartu ditu Applen ordenagailu berriak. Izan ere, orain dela gutxi aurkeztu ditu PowerBook eta iBook berriak, lehengoak baino askoz ere indartsuagoak eta merkeagoak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu