Sustatu logoa Teknologia albisteak

Medemen filma eta polemika igandean estreinatzen da atzerrian, Londresen

sustatu
2003-10-24 13:10

Igandean estreinatzen da Julio Medem-en filma, Euskal Pilota, Eskua Larruaren Kontra, atzerrian, Londresen, hain zuzen London Film Festival delakoak. Ikusminak eta polemikak, biek jarraitu diote Medemi Londresera.

Bi emanaldi egongo dira Londresen, igandean eta astelehenean. Londresen bazabiltza, sarrerak eskuratzeko, deitu hona: 020-7928 3232. Ingelesez, izenburu honekin doa: Basque Ball: the Skin Against the Stone.

Filmarekin batera, polemika ere iritsi da Londresera. London Film Festival delakoak ez du aurten Espainiako Enbaxadaren laguntzarik Espainiako artistak hara eroateko. Aurreko urte batzuetan, hori subentzionatu omen du enbaxadak, aurten ez, Medemena karteletik ez kentzeagatik, nonbait. Baina enbaxadak eta Pilar del Castillo Espainiako Kultura Ministroak diote ez dela horregatik, aurrekontu arrazoiengatik baizik. Irakurri artikulu bat hemen.

London Film Festival hau, Donostiakoaren aldean, gehixeago dela esan liteke. Ez da txantxetakoa, hara doazenen zuzendarien zerrenda: Jane Campion, Sofia Coppola, Bernardo Bertolucci, Denys Arcand, Alejandro González Iñárritu, John Sayles, Nick Broomfield, Samira Makhmalbaf, Hector Babenco, Lars von Trier, Alexander Sokurov, Robert Benton, Thomas Vinterberg, Christopher Guest, Neil LaBute, Nanni Moretti, Guy Maddin, Takeshi Kitano, André Téchiné, Julio Medem eta Oliver Stone.

Filmearen orria festibalaren gunean, hemen: Jendeak bere kronika edo kritikak uzteko aukerarekin!

Munduan sortzen doan zalapartaren inguruan, artikulu bat The Guardian-en eta duela egun batzuk Reuters agentziak pasatako oharra.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu