Teknologia albisteak

Zientzia eta Teknologiaren 2. Astea

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-10-28 : 12:10

"Industri Jakintzatik Biziaren Zientzietara" lelopean abiatuko dan azaroaren 10ean Zientzia eta Teknologiaren 2. astea. Hilaren 16a arte iraungo du Euskal Herriko Unibertsitateak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak (Saretek) antolatutako biltzar honek.

Antolatzaileen arabera, Euskal Herriak industri sare sendoa du automozioan, aeronautikan, makina-tresnan, linea zurian eta elektronikan; sektore horietan ikerketa funtsezkoa da lehiakortasunari eusteko. Gainera, industri jakintza horren ondorioz, ikerketa arlo berriak ari dira sortzen eta etorkizunean garapen eta hedapen handia izan dezakete.

"Biziaren Zientzien Sinposioa"

Zientziaren eta Teknologiaren 2. Astean, "Biozientzia" zenbait publikorengana (profesional, unibertsitate-ikasle, bestelako ikasle, herritar eta abarrengana) hurbiltzeko ekintzak prestatu dira EAEko hiru Lurralde Historikoetan. Gizartean berrikuntzaren kultura zabaltzea da aste honen helburua.

Horrela, Astearen barruan, "Biziaren Zientzien Sinposioa" egingo da, BIOBASK agentziak (SPRI) antolatuta. Euskal Herria Biozientzietako lan-lekutzat aurkeztu nahi dute, dituen langile gaitu eta azpiegitura materialagatik, enpresa-proiektuetarako erakargarria baita.

Hitzaldi sorta

Hitzaldi bereziak antolatu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait fakultaterekin elkarlanean. Dibulgazio hitzaldiak horietan Bioteknologia eta Gizartearen gainean jardungo dute, EHUko Sánchez-Mazas Katedrarekin.

Gainera, bioteknologiako esperimentuak egingo dira zuzenean, Zientziaren Kutxaespazioak zuzenduta. Bertan, SARETEKeko eragileen ahalmen edo gaitasunak aurkeztuko dituzte eta "Ateak Zabalik" eguna antolatu dute.

Beraz, ekitaldi ugari antolatu dituzte Zientzia eta Teknologiaren 2. Astearen barruan. Ekintzen gaineko informazio zehatza EHUren webgunean aurkitu daiteke. Bertan, egun bakoitzeko egitaraua ageri da, besteak beste.

Erantzun

Sartu