Windows zaleek milioi bat abesti erosi diote Appleri
Joan den ostegunean Apple enpresak sortu zuen iTunes Music Store musika denda birtualaren Windows bertsioa. Orain arte denda hori irekita zegoen soilik mac erabiltzaile amerikarrentzat, Sustatun iragarri genizuen bezala. Azken honek hamar milioi abesti baino gehiago salduak zituen bost hilabeteotan, baina zalantza zegoen nola hartuko zuten Windows erabiltzaileek zerbitzu berria.
Orain argi geratu da: Applek berak iragarri du hiru egun eta erdian milioi bat abesti baino gehiago erosi direla denda berrian. Kopuru hori bera saltzeko astebete behar izan zuen mac dendak. Beraz, harrera ezin hobea izan du.
Zergatik da interesgarri iTunes?
Sandy McMurray kazetari kanadiarrak artikulu bat idatzi du, non azaltzen duen zergatik den interesgarria zerbitzu hau Windows erabiltzaileentzat. Hona hemen:
- iTunes denda birtual bat baino gehiago da: musika jogailu zoragarria. Bertan egin liteke musika entzun, sailkatu zerrendetan eta grabatu CD edo DVD formatuan.
- iTunes doakoa da. RealOne edo MusicMatch zerbitzuek ez bezala, Applek ez du kobratzen software honengatik.
- iTunesek dauka musika partekatzeko ezaugarri bat. Zure ordenagailua berdin dio Windows edo Mac izan lotuta badago beste batekin, iTunesek aukera emango dizu zeure lagunaren musika entzuteko zure ordenagailuan, edo alderantziz. Horretarako ez du abestia kopiatzen, streaming delakoa erabili baizik.
Applen estrategia
Zergatik atera du Applek Windows aplikazio hau orain? Hemen ere, arrazoi bat baino gehiago daude:
- iTunes honek jende asko eramango duelako denda birtualera eta iPod jogailua erostera.
- Lehenego aldiz, Windows erabiltzaile askok probatuko dute mac softwarea. Izan ere, iTunes portatzen da mac aplikazio bat bezala Windows bertsioan. Steve Jobs Appleko lehendakariak esan zuen joan den ostegunean hau izango dela, seguruenik, sekula egin den Windows aplikaziorik onena.
- iTunes instalatzen duzunean zure Windows sisteman, kontura zaitez nola Applek lehenesten duen iTunes edozein musika entzuteko orduan. Dakitenek indargabetu egin dezakete ezaugarri hau, baina jende askok dagoenetan uzten du.
- Behin instalatuta, iTunesek esango dio Windowsi pizteko QuickTime aplikazioa edozein bideo-edo ikusi nahi duzunean. Beharbada zuk ez zeneukan instalatuta QuickTime, baina iTunesek instalatu dizu.
- Apple erabiltzen ari da iTunes lau haizeetara zabaltzeko AAC formatua eta, bide batez, baztertzeko MP3 eta Microsoften WindowsMedia formatua.
- Produktu hauek iPod, iTunes eta iTunes Music Store lehia bizia egitera datoz orain arte musikaren esparruan aritu diren beste enpresei, alegia, Microsoft, Real eta MusicMatch lehiakideei.
Oraingoz AEBetan soilik
Mundu guztiak jaits dezake iTunes programa, eta hasi zerrendak egiten eta diskoak grabatzen. Baina dendari dagokionez, oraindik AEBetan bakarrik erosiko da musika. Datorren urtean zabalduko da Europara eta beste kontinenteetara.
Windows erabiltzaileek beharko dute Windows XP edo Windows 2000, programa hauetaz baliatzeko. Mac erabiltzaileek, aldiz, Mac OS X.
Abesti bakoitzak balio du 99 zentimo. Gaur egun 200.000 abestiren artean aukera daiteke, baina hil honen bukaerarako Applek aukeran jarriko ditu 400.000.
Erantzunak kargatzen...