Kolektibismoa institutuan
Gure institutuko zuzendaritza bateko kide bi benetan larderiatsuak ziren, eta edozein presio mota zerabilten irakasleon aisialdia murriztearren: irteera antolatuetara apuntatzeko txantaje emozionala, orientazio orokorra, formakuntza jarraitua, jardunaldiak, bilerak. Beti denok elkarrekin egon behar. Hamaiketakoa ere, tabernan ez, herrian itxura kaxkarra ematen omen du; beraz, irakasle gelan denok su txikiaren inguruan bildurik, boy scoutak bezala. Ondorioz, gero eta denbora gutxiago genuen irakurtzeko, batzuek gainera ETAren eta Eusko Jaurlaritzaren aholkuei jaramon egin eta seme-alabak ekarri baikenituen. Institutuko hormetako oharrak gero eta josiago zeuden akats ortografikoz. Analfabetismo moderno batean murgiltzen ari ginen oharkabean.
Orduan, ikasleek salatu gintuzten. Eta guk klaustro batean autokritika egin genuen. Zuzendaritza taldeko bi kide larderiatsuak izan ziren luzaroen mintzatu zirenak, beti bezala, baina klaustroa ezustean talde terapia ikusgarri bilakatu zen.
Batak aitortu zuen jasangaitza zitzaiola bere sendia, batik bat amaginarreba, eta ziur aski horrek bultzatzen zuela lan-tokia etxe eta lan-kideak senide bilakaraztera.
Maoloren aitorpena oraindik zirraragarriagoa izan zen. Bakarrik bizi zen, masturbatzeko grina zoro batek joa. Oso errudun sentitzen zen, bere ustez haurtzaroko heziera kristauak, ideologikoki baztertua bazuen ere, arimaren txoko ilunei oraindik eragiten zielako. Barkamena eskatu zigun, zotinka, gezurretan ibilia zelako gurekin: Institutuan hainbeste ordu sartzearen eta sarraraztearen kausa ez zen irakaskuntza publikoa hobetu beharraren konbentzimendua, edo heziera ahal bezain zuzenaren aldeko militantzia, baizik eta bere buruak nazka ematen ziola, bakarrik gelditu bezain pronto barruko zimino lizunak fusila amorruz garbitzera behartzen baitzuen. Bere burua ezin pairatu, eta etxetik kanpo konpainia behar. Horrexegatik atxikitzen gintuen beti bere inguruan eta su txikiaren inguruan bildurik. Hunkigarria izan zen, zinez. Bejondeiala, Maolo! Eskerrik asko hire ausardiagatik!
Erantzunak kargatzen...