Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren eta Euskal kulturgintzako langileen adierazpenak
Atzo, urriaren 16an, goardia zibilak egindako operazioaren gainean, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Euskal kulturgintzako langileek honako adierazpen hauek kaleratu dituzte:
Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren adierazpena
Buruntzape S.L. enpresaren kontrako polizia operazioaren aurrean, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak adierazten du:
Operazio honen barruan izandako atxiloketa bidegabeak salatzen ditugu eta era berean jaso dezaketen tratuagatik gure kezka adierazten dugu.
Euskaldunon Egunkaria S. A., Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eta Graficas Lizarra S.L-k osatu zuten Buruntzape S. L. euskal kultur taldeak bildu eta euskalgintza eta euskal kulturgintzako erakundeen arteko elkarlana bultzatu eta eragiteko helburuarekin. Xede horrekin eratu zen Martin Ugalde Kultur Parkea. Gaur egun parke honetan hainbat eta hainbat talde, elkarte eta enpresa elkarretaratzen dira sinergiak bilduz eta elkarlanerako proiektuak indartuz.
Oraingo operazio judizial eta polizialaren helburu zuzena, proiektu osoa ekonomikoki itotzea da. Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa erasotua izan da zuzenki berriz ere. Kudeaketako arduradunen atxiloketak eta egoitzetatik eraman dituzten dokumentu eta tresna informatikoek larriki oztopatzen dute Fundazioko enpresen eguneroko jarduera. Jokabide justifikaezina da alde guztietatik, are gehiago, Fundazioak Aginte Judizialari espreski behin eta berriz jakinarazi izan baitio, prest zegoela administrazio eta gestio dokumentu guztiak bere esku uzteko.
Euskal kulturako erakundeak etengabe susmopean eta desprestijioan zikintzeko maniobra hau salatuz batera, bakean lan egiten utz gaitzatela exijitzen dugu. Atxilotuak lehenbailehen gurekin nahi ditugu, behar ditugu.
Donostian, 2003ko urriaren 16an.
Euskal kulturgintzako langileen adierazpena
Euskal kulturgintzako langileok gure elkartasuna eta babesa eskaini nahi dizkiegu gaur goizean Guardia Zibilak, Del Olmo epailearen aginduz, atxilotu dituen lankideei eta lagunei.
Aldi berean, gogor salatu nahi dugu euskal munduari, beste behin, egin dioten eraso lotsagarria, eta horrekin batera gure haserrea adierazi nahi dugu, gorrotoa lege eginda, gure kultura, eta eskubideak hain modu narras eta baldarrean urratzen dituztenen aurrean, Espainiako gobernuaren obsesio bihurtu baita aspaldian, legea hankapean hartu eta epaileak bere gogora erabiliz, euskal kutsua duen ororen aurka jardutea.
Nazkatuta gaude Espainiako legeen aurrean inolako babesik gabe gaudelako, epaileek arbitrarietate gordinenaz jokatzen baitute euskaldun kutsua duen edozerekin. Azken aldian, gogor jotzen ari dira euskal kultur enpresen kontra, eta ez dugu uste kasualitatea denik.
EUSKALDUNON EGUNKARIA itxi eta atxiloketa negargarri haiek egin zituztenean, ondo zekiten gezurretan ari zirela, eta, areago, ondo zekiten mundu guztiak zekiela hura gezurretako muntaia zela.
Baina gaur egun merkea dago gezurra Espainiako epaitegietan, eta are merkeago ustezko delituengatik euskal usaina darion edonor atxilotzea eta Guardia Zibilen eskuetan jartzea.
Urte askoan, nekez eta izerdiz, eraikiz joan garen egiturak eta enpresak birrindu nahi dizkigute, gezur zurien aitzakian. Horregatik, jendeari dei egiten diogu datozen egunotan egitekotan diren mobilizazioetan parte hartzera.
2003ko urriaren 16an.
Euskal kulturgintzako langileak
Erantzunak kargatzen...