Teknologia albisteak

Velez de Mendizabal: "Martin Ugalderen ildoari jarraitu behar diogu"

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-10-17 : 12:10

Jose Mari Velez de Mendizabalek Arrasate Irratian hitz egin du atzoko Euskal Herritar Unibertsalaren Sarien ekitaldiari buruz eta Martin Ugalde berari buruz. Martin Ugaldek egindako lanaren ildoari jarraitzeko deia egin du Velez de Mendizabalek, eta Ugalderen ondoan lan egin izanak ohorez betetzen duela azpimarratu du.

Amorru sentipena nagusi ekitaldian

Amorru sentipena nagusi ekitaldian

Azkenaldian Martin Ugalderen izena albiste tristeei lotuta azaldu da. Otsailean Egunkariaren itxiera bere azalean sufritu zuen Ugaldek. Atzokoan ere, zoritxarrez, albiste izan zen Ugalderen izen bera daraman kultura parkea. Horren aurrean, Lehendakaritzan egindako ekitaldira gerturatu zirenen artean, amorru sentipena nagusitu zela adierazi du Velez de Mendizabalek.

"Martin Ugalderen emazteak adierazi zuen bezala, euskalduna izatea ez da delitua, eskubidea baizik", adierazi du Velez de Mendizabalek. "Momentu hauetan, ezin da inoiz pentsatu ezintasuna dagoenik. Beti aurrera begira aritu behar dugu, beti esperantzaz. Egoera honi buelta eman behar zaio, zentzutasunez jokatuz", azaldu du.

Euskalgintzan aitzindari

Martin Ugalde beti esperantzaz aritu dela lanean adierazi du. Beretzako ohore handia da Ugalderekin lanean jardun izana. Oso ondo ezagutzen du Velez de Mendizabalek Martin Ugalde. Bere hitzetan, Martin Jokin Zaitegirekin parekatu daiteke, bien ibilbideak nahiko hurbil baitaude.

"1950. hamarkadan Venezuelan lanean hasi zenetik gaur arte euskaldunen izena eratzen, aberasten eta zabaltzen jardun du; beti lumarekin eta ideiekin", azaldu du. Ugalde, euskal kazetaritzan eta euskalgintza profesionalean aitzindaria izan dela eta horretan jarraitzen duela azpimarratu du.

Harrotasunez aurrera

Azkenaldiko eraso hauek pasatuko direla esan du Velez de Mendizabalek eta harrotasunez eutsi behar zaiola datorrenari. Adierazi duenez, "Martin Ugalderen izena aldarrikatu eta defendatzen dugun bitartean, euskara defendatzen ari gara. Horri eutsi behar diogu".

Amaitzeko, Koldo Mitxelena eta Jose Migel Barandiaranen pare, Martin Ugalde ere euskal kulturgintzan figura bat dela azpimarratu du. "Beti defendituko dugu. Berarekin egon beharko ginateke orain eta beti. Berak egindako ildoari jarraitu behar diogu", adierazi du Jose Mari Velez de Mendizabalek.

Erantzun

Sartu