Teknologia albisteak
2

Zer gertatzen da Andoainen euskararekin?

Erabiltzailearen aurpegia
Aiurriko erredakzio batzordea - Aiurri Beterri-Aiztondoko hamaboskaria
2003-10-17 : 10:10

Ez da giro Andoaingo Udala osatzen duten ordezkari politikoen artean. Sozialistak eta Popularrak kritiko azaldu dira euskararen araudiarekin eta aurreko agintaldian aurrera ateratako erabakia atzera bota dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu gabe zegoela argudiatuz.

EAJ-EA koalizioak prentsaurrekoa eskaini zuen Donostian eta bertan Andoainen politika egitea oso zaila zutela aitortu zuten. Izan ere, Batasuna legez kanpo geratu denetik, PSE-EEk PPren laguntza duen guztietan aurrera aterako ditu aurkezten dituen proposamen guztiak.

EAJ-EA koalizioak oposizioa egitea besterik ez du, agerian utziz Andoainen abertzaleen eta konstituzionalisten arteko distantzia gaindiezina dela une honetan.

Guztia lanbrotzen duen egoera politikoak euskara ere nahastu du. Udalean eta Udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko lanean, urrats berriak emateko helburuarekin eginda zegoen araudi berria bertan behera geratu da. Euskara kaltetua irten da eta alderdien arteko distantzia geroz eta handiagoa da.

PSE-EEren ikuspegia

Hizkuntz inposaketa guztien aurka daudela diote Andoaingo alderdi sozialistarentzat hizkuntz inposaketa da araudian agertzen diren hainbat artikuluetan aipatzen dena, "ez al da inposaketa zenbait artikuluetan adierazten dena? Hala nola, Nafarroako edozein instituziori euskaraz idatziriko idazkiak eskatzea, edota EAEko udalei eta EAEn dagoen estatu mailako administrazioari soilik euskara hutsean idazkiak helaraztea… Hori guztia inposaketa bat ez dela sinestarazi nahi al digute?".

Araudi berriaren aurrean elebitasuna kolokan dagoela uste du Andoaingo PSE-EEk, "Nola uler daiteke elebidunak bezala onartuak diren Udal lansailak euskara hutsean lan egitea? Hori da hori elebitasuna!"

Prentsa ohar baten bidez gogor kritikatu dituzte araudiaren 7, 10, 12, 22 eta 23 artikuluak. Inposaketarik ez dutela onartuko eta euskararen aldeko politika aktiboa bultzatu nahi dutela diote, "euskarak soberan ditu komisario politikoak eta konfrontaziorako izpiritua. Faltan ditu, ordea, kontrol demokratikoa, elkarrizketa politikoa eta ikuspegi irekia. Muturreko ikuspegietatik alde egingo du beti alderdi sozialistak: batetik, hizkuntz minoritarioa izaki euskara gutxiestu eta baztertu nahi duen ildotik, eta, bestetik, euskal hiztunen defentsan euskalduntasun elebakarra defendatzen duen ikuspegitik".

EAJ-EAren ikuspegia

Araudia funtsezkoa dela diote euskararen erabilera bultzatzeko EAJ-EA koalizioarentzat oso larria da PSE-EEren eta PPren erabakia, "maiatzean onarturiko araudia funtsezkoa baitzen udaletxean euskararen erabilera bultzatzeko langileen artean, baita egiten den itzulpen lana arautzeko ere". Abertzaleek gogora ekarri dute araudi berria 1988 urteaz geroztik indarrean dagoen Euskararen Udal Ordenantzaren garapena baizik ez dela eta zera gaineratzen dute: "Araudiak ez ditu ezertarako ukitzen zinegotzi sozialisten eta popularren hizkuntza eskubideak, une oro bermatzen baitzaizkie, orain arte egin den bezala".

Araudian inposaketarik ez dagoela uste du koalizioak, baita eskarmentu handiko teknikariek prestatu dutela defendatu ere. Euskara langileei inposatu nahi zaiela diote sozialistek, haiei Francoren garaian gaztelania inposatu zieten bezala. Hauxe da Mikel Arregi buru den koalizioak dioena, "Gogorarazi nahi diegu beraiek hainbeste maite duten Espainiako Konstituzioak euskaldunoi eta, beraz, andoaindarrei inposatzen digun hizkuntza bakarra, Francoren garaian bezalaxe, española dela, ez euskara. Araudi horren bidez egin nahi dugun gauza bakarra udaletxean euskarari leku egitea da. Euskaldunok ederki dakigu zer den egunero inposatzen zaiguna".

Ika-mika sortu duten araudiko artikuluak:

Erantzunak

joseba
2003-10-17 : 19:06

galdera, bestela planteatu behar da, nire ustez.



Zer gertatzen da PSOEn euskararekin ?

Lurra
2003-10-20 : 20:48

PSE-EEk Martin Ugalde Parkean egindako atentatuak gaitzetsiko ditu?



Herrikidea dan Martin Ugalderen alde egingo dau Andoaingo Udal honek?



Biktimak PPSOEkoak bakarrik al dira?

Erantzun

Sartu