Euskal kantariak berriz ere jo-puntuan
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak berriro ekingo dio euskal musika taldeen aurkako jardunbideari. Orain gutxi, Biktimen Elkartearen jarrerari jarraiki, Manu Chaok eta Fermin Muguruzak espainiar estatuko hiri batzuetan eman beharreko kontzertuak bertan behera gelditu ziren. Su ta Gar, Sociedad Alkoholika eta Fermin Muguruza dituzte oraingoan ezkerreko begitik hartuta. Zoritxarrez, musikari horiek badakite zer den "sorgin-harrapaketa" pairatzea.
Espainiar estatuko Zigor-kodeak terrorismoaren indarkeria jasan duten pertsonak gutxiesten dituzten kantu edo adierazpen publikoak zigortzen ditu. Terrorismoaren Biktimen Elkartearen ustetan, Batasunaren inguruko euskal kantari batzuek delitu hori burutu dute, eta beraz, horien aurkako akzio judizialak jarriko dituzte abian.
Ezagutzen dituzte ondorioak
Aipatu talde eta kantariek, pairatu dituzte dagoeneko funts bereko akusazioen ondorioak. Fermin Muguruzak eta Manu Chaok bertan behera utzi zituzten hainbat kontzertu, Malagakoa esaterako.
Sociedad Alkoholikak taldeak aurkako kanpaina zehatz eta gogorra sufritu zuen aurretik ere; ondorioz, hainbat elkarte eta udaletxek, beren kontzertuak ezeztatu zituzten. Horren guztiaren adierazgarri da beren webgunean atarian duen adierazpena: "Kriminalizazioa stop". Webgunean, talde gasteiztarrak bere jarrera eta egoeraren analisia azaltzen ditu. Su ta Gar-eko, kideek ere ezagutzen dituzte eraso hauek, beren kantuetako hitzengatik komunikabideen ahotan ibili dira.
Erantzunak kargatzen...