Mariano Raxoi txirrindularitzaz kezkatuta?
Espainiar estatuko txirrindularitza krisi latz baten murgildu da. ONCE eta Ibanesto.com taldeak desagertu dira. Kelmek arazo ekonomikoak ditu eta desagertzeko zorian egon daiteke. Itxura denez, horrek guztiak benetan kezkatu du Mariano Raxoi PPko idazkari nagusia. Baina, bada "irtenbidea" agerian. Orain egun gutxi, Balearretako Gobernua eta Ibanesto.com akordio batera iritsi dira.
Arazo mardula
Once eta Ibanesto.com taldeek denboraldi hau amaituta, agur esango diote txirrindularitza profesionalari. Bestalde, Kelme taldeak, arazo ekonomikoak direla eta, gertu ikusten du desagerpenaren mamua, albiste honetan irakurri dugunez; datorren denboraldian maila profesionalean arituko dira Kelmeko txirrindulariak, baina aurrerago aldiz, panorama belztuko da. Beraz, etorkizun ilun hori ikusita, Euskaltel Euskadik izango luke txirrindularitza profesionalean lehiatzeko primizia.
Antza, horrek arduratan jarri zuen Mariano Raxoi PPko idazkari nagusia. Euskaltel Euskadi taldea espainiar nazioarteko txirrindularitza profesionaleko estatuko "ordezkari bakarra" izatea, arazoa ei da, beraz.
Raxoi txirrindularitzaren jarraitzaile
Mariano Raxoik, kirol honen jarraitzailea omen denak, Espainiako Itzulia ospatzen zen bitartean izan zuen honen guztiaren berri. Jose Maria Aznarren ordezkoa, kezkatuta gelditu omen zen. Beraz, espainiar txirrindularitzari laguntza emateko ahaleginetan hasi zen.
Raxoi Balearretako Gobernuarekin harremanetan jarri zen. Horrek proposamena onartu eta txirrindularitza talde bat sortzeko bideragarritasun azterketa egiten hasi zen. Jan Ullrich aukeratu zuten talde posible horretarako "lider", 6 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin. Baina, txirrindulari alemaniarraren fitxaketak eta arazo politiko batzuk zirela eta, proiektua eten egin zen.
Balearretako gobernua babesle nagusi
Ibanesto.com osatzen dutenek datorren denboraldian pelotoian jarraituko dute. Aste honetan lortu dute hiru urteko akordioa txirrindulari taldeak eta Balearretako gobernuak. Irletako gobernua izango da babesle nagusia. Ibanesto.com-ek berriz, urte betez arituko da babesle jardunean, bi milioi euroko ekarpenarekin. Beste babesle osagarri batzuk ere izango ei ditu.
Oraingoz, ez dute talde berriaren deitura eta egoitza zeintzuk izango diren argitu, ezta izango duen aurrekontua ere. Bestalde, irletako interes turistikoak direla eta, taldeak presentzia handi izango du Alemania eta Europa iparraldeko herrialdeetan egingo diren lasterketan. Frantziako Tourra ere helburu nagusien barne daukate.
Erantzunak kargatzen...