Goizeko 03:00ak ezkero, Txinak astronauta bat dauka espazioan, Yang Liwei. Honek 14 bira emango dizkio Lurrari, hogei orduan zehar. Liwei ari da nabigatzen Shenzhou V kapsulan.
Txinak ez du irudirik eman zuzenean. Ordu erdi geroago, hori bai, irudi bat erakutsi du CCTV telebistak, non ikusten baitzen koheteak utzitako ke arrastoa, zeru urdiaren erdian. Telebistak esan duenez, jaurtiketa oso ondo joan da. Apur bat geroago, hamar bat minutu, kapsula banatu egin da 2F Ibilaldi Luzea izeneko kohetetik.
Yang Liwei irribarretsu sartu da espaziontzian. Orbitan zenbait ordu egin eta gero, arroza, oilaskoa eta datilak jan omen ditu. Adierazi dionez kontrolguneari, ondo nago eta uste osoa dut arrakasta izango dugula.
Gaurtik aurrera, Yang Liwei sartuko da espazioko aitzindarien klubean. Hantxe daude, bera bezala, Iuri Gagarin kosmonauta errusiarra, zeinak egin baitzuen lehen hegaldia 1961ean, eta John Glenn, lehen astronauta amerikarra. Yang Liwei gerra pilotua da Txinaren armadan, eta dagoeneko 1.350 ordu egin ditu hegazkinean. Bost urteko entrenamendua egin du espaziora joan aurretik.
Errusia, AEB eta Europako espazio agentziek zoriondu egin dute Txina, gaurkoa egun seinalatua delako haren espazio programan.
Erantzun
Sartu