Teknologia albisteak
1

Iker eta Ane, izenik erabilienak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2003-10-15 : 10:10

Azken hiru urteotan, guraso gehienek Iker eta Ane izenak eman dizkiete jaio berriei EAEn. Badira beste bi ondorio EUSTATen estatistiketan: guraso gehienek izen euskaldunak ematen dizkiete seme-alabei, eta horien barruan jendeak nahiago izen bakunak, eta ez konposatuak.

Euskal Estatistika Erakundeak eman ditu jakitera xehetasun hauek, orain dela gutxi. Horien arabera, Ane eta Leire daude lehen eta bigarren tokian emakumezkoen ponte-izenen artean, 2000 eta 2002 artean Euskal Autonomia Erkidegoan jaio diren haurren artean. Ondoren daude Maria, Nerea, Irati, Maider, Maialen, Paula eta Ainhoa.

Jon, berriz, ez da jadanik gurasoen mutil izenik gustukoena eta Ikerren atzetik kokatu da, bigarren. Horien atzetik, erabilienak dira Unai, Mikel, Ander, Asier, Aitor, Julen eta Xabier.

Nahiz eta Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat onartzen dituen, gurasoek bakun bakarra aukeratzen dute. Ehun izen ohikoenen zerrendan, Jon Ander konbinazioa besterik ez da agertzen mutilentzat; neskentzat, aldiz, ez dira agertu ere egiten beste garai batean hain ohikoak izan ziren izen konposatuak, Maria izenarekin osatuak.

Grafia bat baino gehiago zenbait izenetan

Izen euskaldunak nagusitu dira eta batzuk, idazkera bat baino gehiagorekin erregistratzen dira, esate baterako, Ane-Anne, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion, Aritza-Haritz. Izena bi eratara idazteko kasu horiek guztiak, Haritz salbu, 100 ohikoenen barruan daude.

Maria eta Mirenen kasuan izan ezik, izen beraren forma euskalduna gailendu da erdaldunaren aldean; horrela gertatzen da Ane eta Ana, Xabier eta Javier, Jon eta Juan, eta Mikel eta Miguel izenekin.

Hala ere, zenbait kasutan ezinezkoa izan da jakitea izena euskaraz edo gaztelaniaz ote zegoen, informazio honen iturrian izenak letra larriz eta azenturik gabe agertzen zirelako, eta jakina da azentua dela izen horiek sailkatzeko elementu bakarra. Halakoetan, bi aukerak batera adierazi dira: Maria/María, Sofia/Sofía, Adrian/Adrián, Martin/Martín.

2002ko jaiotzen estatistikan, 1.190 neska izen jaso dira eta 1.005 mutil izen. Horietatik, 773 neska izen eta 677 mutil izen behin bakarrik agertzen dira eta horien artean daude izen txinarrak, afrikarrak, arabeak, italiarrak, anglosaxoiak, eta abar.

Erantzunak

M.K.
2003-10-16 : 18:01

> Euskal Estatistika Erakundeak eman ditu jakitera xehetasun hauek,


Orri horretan sailkapeneko lehen 25ak daude.


Beste honetatik abiatuz, berriz, datu gahiego: ehun izen ohikoenen zerrendak aurkituko dituzue (EAE osorako), eta herrialde eta hiriburuen kasuan, 25 ohikoenen zerrendak.


Erantzun

Sartu