Sustatu logoa Teknologia albisteak

RIP taldeko Karlos Agirreurreta, Mahoma, hil da

Sustatu - Sustatu
2003-10-14 13:10

RIP taldeak zeresan ugari eman zuen 80ko hamarkadan, zuzenean jotzen gogor aritu zenean, eta baita gerora ere, taldea bertan behera utzi edo tarteka emankizunak egin izan dituenean. Euskal Herrian punkak eztanda egin bezain laster, hainbat talde sortu ziren, eta herrian lau arrasatearrek Doble Cero taldea eratu zuten, RIP izango zenaren arima baino askoz gehiago ere bazena. Izatez, Doble Cero taldean Jul eta Txerra –Bolinaga anaiak–, Portu eta Mallabi aritu ziren, eta Mallabi soldadutzara joan behar izan zenean, Karlos Mahoma sartu eta taldeari izena aldatu zioten; horrela, hain ezagun egingo zen taldea jaio zen.

Diskoak:

  • Eskorbuto santurtziarrekin batera Zona Especial Norte izeneko lana grabatu zuten Madrilen, Spansuls disko etxearekin,
  • No te Muevas diskoa kaleratu zuten, Basati disko etxearen bitartez. Bi lan horiek klasiko hutsak bihurtu eta salaketa kantuak oraindik ere non eta hemen abesten dira, gaurkotasun handia baitute: Brigada Criminal, Mundo muerto, Terrorismo policial, Enamorado de la muerte, Escoria, Policia no, Odio a mi patria, Revolucion...
  • EEBBetako Maximum Rockn´roll aldizkariak euren musikan interesa jarri eta aldizkariak kaleratutako nazioarteko taldeen bilduma baten ere agertu ziren anti militar kantuarekin.
  • Ou! disko etxeak RIPen bertsioen bilduma bat kaleratu zuen. Bildumak izan zuen askotariko parte hartzea eta jatorrizko kantuen eta bertsioen arteko alde handia zela eta, zenbaitzuek ez zuten bilduma ondo hartu. Hala ere, aniztasun horrek beste alde bat ere bazeukan; Euskal Herriko talde zeharo desberdinek RIPen garrantzia aldarrikatzean bat egiten dutela.
  • Egin-eko BAT, BI, HIRU... HAMAR! diskoan ere parte hartu zuten.

1989an taldea bertan behera utzi zutenetik, hainbat kontzertu eman dituzte. Hain zuzen ere, Arrasate Press-ko 100. alea ospatzeko kontzertua, Hiesaren aurkakoa, eta azkenik, Jarraik antolatutako jaialdia Anoetan, ia kasualitatez. Ordutik hona, azkenengo bi urteetan nolabaiteko martxa hartu dute berriro ere. Tartean, duela lau urte Portu baxu jotzailea hil eta anaia Xabik hartu zuen haren lekua. Bigarren gaztaro horretako notizia txarra guar jakin dugu. Mahomak ere taldea utzi du.

Autobus gidari eta Elkorobarrutiako partaide

Karlos, aspaldidanik, autobus gidari gisa zebilen lanean. Izatez, taldea bertan behera gelditu izanaren arrazoietako bat bere lana ei zen. Berak esandakoaren arabera, duela bost bat urte Bilbon lana aurkitu zuen arte, ezin izan zuen beste ezer egin.

Hori badio ere, garai batean, Elkorobarrutia koru- talde ganberroan ere fin abesten jardun zuen.

Bestalde, azkenaldian kontzertuak ikustera sarri joaten zen, batez ere, Bilboko Kafe Antzokiko ikusle fin zen Agirreurreta.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu