Teknologia albisteak

14 KZgunek mikroenpresentzako eta autonomoentzako ikastaroak hasi dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-10-13 : 11:10

Guztira 14 KZgunek ekin diote hamar langiletik beherako eta autonomoentzako prestakuntza-programari. "Konekta zaitez formación-prestakuntza" izeneko programa Interneten erabilera praktikoan prestatzeko da. Ikastaro hauek SPRI (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua) sozietate publikoak diseinatu ditu.

Ikastaroek hainbat gai jorratzen dituzte:

  • Banka elektronikoa 1: kontuen mugimenduak, intsuldaketak eta transferentziak.
  • Hornitzaile eta bezeroekin posta elektronikoz komunikatzea,
  • Banka elektronikoa 2: ordainketak helbideratzea, kobrantzak eta ordainagiriak.
  • Produktuak, prezioak eta hornitzaileak Internet bidez bilatzea.
  • Fax-aren funtzioak ordenagailuaren bidez bideratzea.

Ikastaroak ordutegi ez-komertzialetan ematen ari dira, interesatuen bertaratzea erraztearren.

Lehen fase honetan honako KZgune hauetan emango dira: Agurain, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Derio, Eibar, Elgoibar, Ermua, Galdakao, Igorre, Laudio, Oiartzun, Tolosa eta Zumarragan. Lehen fase hau burutzen denean, SPRIk Interneten erabilera praktikoarekin lotutako iraupen laburreko ikastaro-katalogo bat prestatuko du enpresentzat, eta ikastaro hauek ere KZguneen sarean emango dira.

Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bitartez, beste ekimen batzuk ere ari da gauzatzen; esaterako, Konekta Zaitez Mikroenpresak programa.

Programa horrek hobekuntza nabarmena lortu du Euskadiko mikroenpresetan, bai daukaten ekipamenduari dagokionez (ordenagailuak), bai ekipamendu horren erabilerari dagokionez (Interneteko sarbidea, posta elektronikoa, etab.). EUSTATek zabaldu dituen datuen arabera, Interneteko sarbidea duten hamar langiletik beherako enpresen ehunekoaren bilakaera 2000ko %23,1etik 2001eko % 33,3ra pasa da, eta %39,4ra 2002an.

Erantzun

Sartu