Teknologia albisteak

Shirin Ebadi emakume iraniarra, Bakearen Nobel saridun

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2003-10-10 : 15:10

Norvegiako Nobel Batzordeak gaur goizean jakinarazi du aurtengo Bakearen Nobel saria Shirin Ebadi-ri eman diola, giza eskubideen aldeko aktibista iraniarrari.

Shirin Ebadik 56 urte ditu eta idazlea da, abokatua eta epailea. Bera izan zen Irango lehen emakume epailea, baina 1979an, Ismaliar Iraultzaren garaian, kendu egin zuten kargutik.

Batzordeak azpimarratu ditu abokatuaren ahaleginak emakumeen eta haurren eskubideen alde. “Abokatu, epaile, irakasle, idazle eta aktibista legez, argi eta garbi adierazi ditu bere ikuspuntuak batik bat Iranen, baina baita bere herrialdearen mugetatik haratago ere”, esan du batzordeak Oslon. Honen hitzetan, Shirin Ebadi da “profesional ona, pertsona ausarta, eta inoiz ez diena jaramonik egin jaso dituen mehatxuei”.

Emakume musulmana

Jakin izan duenean saria eman diotela, honela erantzun dio Shirin Ebadik BBC zerbitzuari: “Musulmana naiz, beraz izan zaitezke musulmana eta demokraziaren aldekoa. Izendapen hau oso ona izango da giza eskubideentzat Iranen; bereziki haurren giza eskubideei egingo die mesede. Espero dezagun laguntzeko gai izango naizela”.

Askotan gertatzen den moduan, faborito asko geratu dira esku hutsik oraingoan ere. Hortxe ziren, kiniela askotan Joan Paulo II Aita Santua, Vaclav Havel Txekiako lehendakaria eta Lula da Silva, Brasilgoa.

Azken urteotako saridunak

Hona hemen zerrenda bat, azken hamar urteotan Bakearen Nobel saria jaso dutenen izenekin.

  • 2002 - Jimmy Carter
  • 2001 - Kofi Annan
  • 2000 - Kim Dae-jung
  • 1999 - Mugarik Gabeko Medikuak
  • 1998 - David Trimble eta John Hume
  • 1997 - Jody Williams eta Lurreko Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpaina
  • 1996 - Carlos Filipe Ximenes Belo eta Jose Ramos-Horta
  • 1995 - Joseph Rotblat eta Pugwash Konferentziak
  • 1994 - Yasir Arafat, Yitzhak Rabin eta Shimon Peres
  • 1993 - Nelson Mandela eta FW de Klerk

Erantzun

Sartu