Teknologia albisteak

Napster itzuli egin da

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-10-10 : 13:10

Urriaren 29tik aurrera, Napster zerbitzuak ordainpeko musika eskainiko du Interneten: abesti bat 0,99 dolar kobratuko du, eta diskoa, 9,95 dolar. Oraingoan Microsoften laguntza izango du, eta baita diskoetxe handiena ere.

“Katua iristear dago”, horixe dio Napster zerbitzuak webgune berrituan. Laurogeita hamargarren hamarkadan zerbitzu honek lortu zituen 60 milioi bezero, musika trukatzen zutenak xemeikorik ordaindu gabe. Horrek diskoetxe handien haserrea piztu zuen eta itxiarazi egin zuten, auzitara eraman eta gero.

Iaz Roxio enpresak erosi zuen bost milioi dolarrean eta norabide berria eman zion: izena birmoldatu, orain Napster 2.0 deritzo, eta ordainpeko musika saltzen hasi. Abesti bakoitzeko 0,99 dolar kobratzen du, eta diskoko, 9,95.

Atzo aurkeztu zen New Yorken zerbitzu berria, ondoan aitaponteko ahaltsuak zituela: Microsoftek txertatu egingo du Napsterren softwarea Windows Media Center programan, 2004ko edizioan; Samsung etxeak musika jogailu bat sortuko du, propio egina Napsterrentzat; eta diskoetxe handiek oraingoan babestu egingo dute katua eta aukera eman 500.000 abesti eskain ditzan.

Apustu latza

Oraingoan, baina, katu asko aurkituko ditu Napsterrek, bera bezala gauean ehizean, eta aurre egin beharko die. Batekoz, Applek berak ireki zuen apirilean orain Napsterrek jorratu nahi duen bidea, iTunes musika denda birtualarekin. Harrezkero 10 milioi abesti baino gehiago saldu ditu, bakarrik mac erabiltzaileen artean, baina laster ateak irekiko dizkie Windows erabiltzaileei.

Ondoren MusicMatch etorri zen, antzeko planteamenduekin. Dell eta AOLek ere molde berdineko zerbitzuak iragarri dituzte, eta baita Microsoftek ere.

Eta zer egiten ari dira Kazaa eta konpainia? Ikusirik galtzen ari zirela bezeroak diskoetxe handien presiopean, eskaintza bat egin diete diskoetxe handiei, non proposatzen den babestea egileen eskubideak tasa baten truke.

Badirudi, beraz, poliki-poliki bada ere, musikaren negozioa birmoldatzen ari dela, iraultza digitalak hartara behartuta.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago