Sustatu logoa Teknologia albisteak

Berriz ere: Bota zuen Internet Explorer pikutara

Gari Araolaza - CS
2003-10-09 10:10

Baina historia apur bat egin dezagun:

  • 1998 urtean Eolas izeneko enpresa batek patente bat erregistratu zuen. Patenteak ondokoa dio, gutxi gora behera: ... automatikoki kanpoko aplikazioak deitzeko metodoa, erabiltzailearekin interakzioa sortzeko eta objektuak dokumentu baten barruan erakusteko... .
  • Interneten pixka bat ibili denak badaki honek izen bat duela: Plugin-a. Flash animazio horietako bat, Java applet bat, edo antzerakoak erabiltzen ditugun bakoitzean, sistema hori erabiltzen ari gara.
  • Jakinik gaur egunean oso zabaldua dagoela Plug-in-en kontua, Eolas enpresa honek auzitara eraman zuen Microsoft haundia, beraien Internet Explorer aplikazioan sistema hori erabiltzen bait da.
  • Lehen faseko auziak irabazi ditu Eolas enpresak, eta oraingoz 521 miloi dolar lortu omen ditu. Hala ere jakina, errekurtsoak eta abarrak tartean daude.

Beraz Microsoft hasi da jadanik bide berri baten bila, patente honek egindako kaltea saihesten saiatzeko.

Soluzioa nabigatzaile berri bat izango da, datorren urte hasiera aldera publikatuko litzakeena. Baina adi:

  • Internet Explorer berria darabilenak ezin izango du sistema zaharrarekin kodetutako plugin-ik ikusi. Derrigor beharko du webgune berritua, kode berriarekin, eta noski, ez da estandarra izango.
  • Beraien webguneak Internet Explorerrarekin ikusi ahal izatea nahi dutenek, prestaketak egin beharko dituzte, bestela ez bait da plugin-ik ikusiko.
  • Beste nabigatzaileekin oraingoz ez dago arazorik. Eolas enpresak Microsoft bakarrik eraman du auzitara.

Macromedia enpresa (Flash-aren asmatzaileak) hasi da jadanik autuaz arduratzen, eta ari da Microsoft-ekin lanean, FAQ honetan azaltzen dutenez.

Internet normatibizatzen duen W3C taldea ere zenbait azalpen ematen hasi da honen inguruan.

Microsoft-ek ere sortu du gai honen inguruko informazio gunea .

Eta azkenik, Eolas-ek esan du auzi honetatik jasotzen duten dirua benetan interneten merezi duten proiektuetara bideratuko dutela (Norbaitek Mozilla aipatu du).

Ez da albiste ona, zatiketa honek Interneti ez bait dio onurarik ekarriko, baina gutxienez Internet Explorer nabigatzailearen indarra gutxituko da.

Beraz, benetan behar duzun lotura ematea besterik ez zait gelditzen:

Librezale elkartearen Mozilla Euskaraz proiektua

Erabili Mozilla!

Gai honen inguruan gehiago jakiteko

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu