Sustatu logoa Teknologia albisteak

Disko salmentak %11 egin du behera

Dick Turpin
2003-10-02 11:10

Industria Fonografikoaren Nazioarteko Federazioak kaleratu ditu datu hauek aurtengo lehen sei hilabetekoari dagokion txostenean. Honek dio salmentak jaitsi direla %10,7 eta irabaziak %10,9.

Fonografiaren industriak hartzen ditu bere baitan diskoak eta musika bideoak. Iaz 12.200 milioi euro irabazi zituen lehen sei hilabeteetan. Aurten, berriz, denbora berdinean 10.880 milioi, nahiz eta DVD diskoen salmentak gora egin duen %46. Kontuan izanda aurten berritasun asko izan dela merkatuan abeslari, talde eta produktuei dagokienez, txostenak dio gero eta argiago dagoela jaitsiera hau datorrela pirateriak eta saretik ordaindu gabe jaitsitako musikak eraginda.

Herrialdeka

Japoniak eta AEBek izan dute beherakadarik handiena, orain arte pirateriaren aurka defentsarik onena zuten herrialdeak. Alemaniak, Frantziak eta Kanadak ere behera egin dute salmentari dagokionez. Gora, berriz, Norvegiak, Austriak eta Finlandiak. Hemen salmentak hazi egin dira bertako artisten arrakastari esker.

Txostenak dio Espainian single gehiago saldu direla normalean baino, Errusiak zenbaki onak erakusten dituela, oraindik ere transizio garaian dabilelako zinta zaharretatik CDetara eta Austriak ere salmenta onak izan dituela, batik bat DVDri esker.

Artistarik salduenak

Artista hauek saldu dituzte disko gehien sei hilabete hauetan, txostenaren arabera:

  1. Christina Aguilera
  2. 50 Cent
  3. Coldplay
  4. Celine Dion
  5. Evanescence
  6. Norah Jones
  7. Avril Lavigne
  8. Linkin Park
  9. TATU
  10. Chicago filmaren musika

Denda gehiago sarean

Zigilu handiek merkatua galdu ahala, teknologia berriak aldatzen ari dira orain arteko egitura zurrunak. Lehenik eta behin, Napster eta konpainia izan ziren, ahalbidetzen zutenak abestiak jaistea saretik, musutruk.

Joan den apirilean, ordea, Applek sortu zuen lehen denda sarean, iTunes, zeinak dagoeneko 10 milioi abesti saldu baititu soilik Mac ordenagailuen merkatuan. Hemen duzue horren gaineko informazio gehiago. Gabonetarako ireki egingo die denda Windows erabiltzaileei.

Beranduegi agian? Izan ere, dagoeneko sortu da beste denda birtual bat musika saltzeko, Musicmatch, iTunes bezain erabilterraza eta Windows merkatuari irekita.

Eta laster Dell ordenagailu konpainiak bere denda sortuko du, hau ere musika saltzeko asmoz. Egun hauetan aurkeztu du Digital Jukebox delakoa, musika jogailu bat, lehia bizia egingo diona Applen iPod arrakastatsuari.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu