Anjel Lertxundirekin elkarrizketa
Irailean, gutxienez bi tokitan idatzi izan du Anjel Lertxundik Internet anabasa dela, Argian eta Berrian. Sustatu ere irakurtzen duela jakitun, galdera batzuk bidali dizkiogu e-postaz. Erantzunak ere hala jaso ditugu. Elkarrizketa xume bat, teknologiaren inguruan, ez besterik.
Tematuta zabiltza, Internet anabasa dela. Zergatik?
Anabasa hitzak zentzu gaitzeslea izan dezake. Ez, ordea, beti. Esango nuke gehienetan metaketa esan nahi duela, pilaketa. Eta nik, behintzat, anabasa diodanean, ez dut kaosa esan nahi. Aukera-sare erraldoi izugarri horretan ez galtzeko, ez da aski irizpideak izatea: ezagutu behar duzu erabilera ere. Eta ni, horretan, erabat esku-motz geratzen naiz teklatuaren aurrean, badakit inoiz ez dudala lortuko sarean eroso ibiltzeko adina trebetasun. Ni, metaketa izugarri horren aurrean, esku-motz. Amorrazioa. Baina nik, erabile honek, anabasa gisa ikusten badut, nire ezinagatik da.
Sustatuko irakurle batek erantzun zizun liburutegi handi batean sartzean ere, anabasa topatzen duela, ez duela jakiten diskriminatzen, zer aukeratzen irakurtzeko...
Arrazoi du, baina desberdintasun txiki bat ikusten dut nik (agian oker nago): liburutegi handi batean atzera-aurrera ibiltzeko irizpideak behar dituzu. Internet-en, irizpideez gainera, formazio informatikoa (autodidakta izan ala ez)
Zer bisitatzen duzu Interneten?
Euskararekin zer ikusia duten kontuen bila ibiltzen naiz gehienetan. Eta nire idaz-lanetarako datu bila. Egunotan ipuin bat idatzi dut Berlingo Reichstag berrian kokatua. Zenbat solairu zituen jakin nahi nuen. Berehala topatu nuen datua. Hango metroko hainbat zehaztasun ere jaso nituen. Ipuinean daude.
Orain urte asko, Shakespearek Bilbo hitza burdina zentzuan zerabilela ikusirik, lagun batek, Internet-en eskutik, London-eko Liburutegi Nazionalara eraman ninduen, eta, behin han, Shakespeareren obra osora. Nik uste nuen Shakespearek behin erabili zuela Bilbo hitza, baina bitan zerabilela jakin nuen bi segundotan! Shakespeareren liburu guztiak banan-banan ingelesez begiratu behar izan banitu! Txundituta gelditu nintzen. Urte asko pasatu dira ordutik.
Zerk harritu zaitu azkena Interneten?
Hamaika urteko nire auzo bat Interneten nola ibiltzen den ikusteak harritu nau gehien.
E-posta asko erabiltzen duzu?
Bai, asko.
e-posta / arroba. Nola dira euskaraz?
Ez al dira euskara?
Inoiz idatzi dizute Afrikatik banketxe bateko fondoekin negozio bat proposatuz?
Ez. Again Afrikan ere badakite guztiz ezgauza naizela negozioetarako.
Xuxen zuzentzaile automatikoarekin darabizun gorroto-amodiozko harremana azaldu mesedez.
Xuxen sekulako tresna da. Nik ikaragarri zor diot. Baina, horretan ere, irizpidea behar: gorriz azpiamarratzen digun guztia ez da ez-euskara, ez da traketsa. Nik inoiz esana dut, lagun artean eta txantxetan, Xuxen-ekin ez dagoela literatura idazterik. Eta orain erantsi behar nuke: Baina, Xuxen-i esker, orain ateratzen den literatura guztia eta liburuak, eta artikuluak Xuxen sortu aurretik baino txukunago, zuzenago ateratzen da. Beraz, chapeau Xuxen-i. Bestalde, hitz bat gorriz azpimarratzen didan askotan, hausnarketa lexikoak eragiten dizkit, gero artikuluetarako erabiltzen ditudanak. Nire artikuluengatik ordaintzen didatenaren parte bat Xuxen-i pasatu beharko nioke, baina ez dakit haren kontu korrontearen zenbakirik.
Zenbat ordenagailu dauzkazu?
Une honetan, bi. Orain arte, guztira zazpi izan ditut. Denak Macintosh-ak, lehendabiziko Samsung-a kenduta.
Ordenagailuko eduki digital eta programa guztiak, legearen barruan eskuratutakoak dituzu?
Inoiz lagunen batek montatu dit programaren bat disko pirataren batekin, baina dudan gehien-gehiena lege barrukoa.
Musika digitalaren auzian (top manta delakoa, Interneteko trukea...) iritzirik?
Multinazionalen pagotxa bukatzen ari dela (gora paisak!). Egile eskubideak? Zabaltzen ari den mundu berriak era berriak asmatu beharko ditu eskubideak bermetze aldera.
Software librearen berri entzun duzu?
Zerbait irakurri dut horretaz CiberPaís gehigarrian, baina, egia esan, ez naiz jabetu zehazki zer den. Dena esateko, apenas dakidan zer den software bat ere. Ni erabile arrunt bat naiz eta nire neurriko etekina ateratzen ahalegintzen naiz. Hortik aurrera, deus ez. Arazoren bat dudan aldiko, etxepean bizi dudan ilobari deitzen diot. Hizketan hasten zait zer pauso segitzen ari den esplikatuz, eta maiskululak ere ulertzen ez dizkiodan arren, enteratuaren aurpegia jartzen dut. Halako batean, ez duk ezer ulertu, ezta?, galdetzen dit ilobak.
Batek esan du: hanburgesak jan, ingelesez mintzo eta Internetera konektatzen garenean, akabo Euskal Herria.
Hala esan zuela entzun dut, bai. Tontoteka batean gordetzerik ere merezi ez duen tontakeria bat. Badira hanburgesa onak; ingelesak balio du oinak non ditugun jakiteko; eta Internetera konektatzen ez bagara, orduan bai akabo euskara eta Euskal Herria. Azken boladan Sustatun bakarrik ikusi dudan datu kezkagarri bat: euskararen presentziaren jaitsierarena Internet-en. Sintoma bat. Tontakeria hori esan zuenak ez daki globalizazioak irentsiko ez bagaitu, globalizazioa ulertu eta baliatu beharko dugula.
Erantzunak kargatzen...