Kalegorriako langileen prentsa oharra
Xarlo Etchezaharreta KALEGORRIA aldizkariko zuzendariaren atxiloketaren ondotik zenbait adierazpen egin nahi ditugu: KALEGORRIAko langileok gure elkartasuna adierazi nahi diogu Xarloren sendiari eta hura berehala askatzeko exijitzen dugu.
Xarloren atxiloketa, lehenengo berrien haritik, Udalbiltzaren kontra espainiar Estatuak daraman atxiloketa-kanpainan kokatu behar dugu. KALEGORRIA harro dago Xarlok Udalbiltzan egin duen lan eskergarengatik. Nafarroa Batuko (Euskal Herriko) nazio erakunde bakarra dugu Udalbiltza eta, beraz, nazio eraikuntzarako ezinbesteko tresna.
Xarlo inkomunikaturik edukitzeak kezkatu egiten gaitu, Estatuko segurtasun indarren esku inkomunikatuta egotea torturaren sinonimoa delako Euskal Herrian.
Amaitzeko, espainiar Brunete mediatikoaren jarrera salatu nahi dugu berriro. El Mundo, El País, La Razón eta El Correo Español egunkariek, besteak beste, ohiko kriminalizazio kanpaina hasi dute gure aldizkariaren kontra.
Azken orduotan behin eta berriro aipatu dute KALEGORRIA Ardi Beltza aldizkariaren oinordekoa dela eta azken horri ETA erakundearentzat helburuak seinalatzea eta helburu horiek laidoztatzea egotzi diote. Auzitegi Nazionaleko 4. Salak argudio hori bertan behera utzi zuela azaltzea ahaztu zaie ordea.
KALEGORRIAko langileok aldizkariaren lanarekin gogor segitzeko konpromisoa hartu dugu, gure zuzendariarekiko, Xarlorekiko, har dezakegun erabakirik zintzoena delako.
Eutsi lagun!
Adierazpen askatasuna!
KALEGORRIAko langileak
Erantzunak kargatzen...