Teknologia albisteak

Kelly kasua: ikerketa judizial teknologikoki harrigarria

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo - Eibar.org
2003-09-26 : 15:09

David Kelly-ren heriotzagatik ikerketa judiziala atzo itxi zuten Londresen. Azken egunean, epaileak, Lord Hutton delakoak, telebista kamerei sartzen utzi zien, aurreko guztietan ez bezala. Epaitegiko irudiak harrigarriak dira: epailearen mahaia, eta hura baino beherago eserita dauden fiskal, abokatu, eta ikusle guztien eserlekuetako mahaigainak ordenagailu pantailaz beteta daude.

Ikusi (Real formatuan) BBCko bideo hau

Badirudi dokumentazio osoa zerbitzari batean daukatela, eta dokumentuak eta datuak eskura izateko, abokatu, lekuko edo partaide bakoitzak uneoro dokumentu guztietarako sarbidea duela...

Norbaitek zerbaiten erreferentzia emanez gero, tak!, denek klik egin, eta eskura berehala, jakiteko zertaz ari den. Ezta telefilme amerikar modernoenetan ere ez dago horrelako prozesu judizialik.

David Kellyren kasua badakizue zein den. Informazio batzuk pasatu omen zizkion BBC-ri, eta handik ondorioztatu omen zitekeen Londresko Gobernua Saddam Husseinen mehatxuen gaineko gezurrak zabaltzen ari zela, gerra justifikatzeko. Satorra Kelly zela jakin zenean (filtrazio interesatua, nonbait), suizidatu egin zen. Eskandaluaren erdian, Gobernuak Lord Brian Hutton izeneko epaileari enkargatu zion kasua argitzea.

Nik ez dakit nolakoa izango den Hutton honen jitea. Ipar Irlandako elite protestantean jatorria duen gizona da. Zer epaituko duen, ikusiko dugu (azaro edo abendurarte itxoin behar). Baina bitartean, webgune harrigarri bat ere jarri du sarean ikerketan azaldutako dokumentazioa biltzeko. Eta epaitegian bertan teknologia nola erabili duen ikusita... Prozedura txapela kentzeko modukoa iruditzen zait.

Bisitatu Hutton ikerketaren webgune ofiziala

BBC-ren webgunean, Kelly/Hutton ikerketaren atal berezia.

Erantzun

Sartu